Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarrak Master Cup txapelketako finalerdia jokatuko du ekainaren 21ean

Joseba Derteano 2020ko eka. 9a, 13:41

Ainhoa Ruiz de Infante -eskumatik hasita bigarrena- final laurdenetako partiduan.

Binaka arituko da Elgoibarren, Amaia Jaka atzelari duela.

Osasun-krisiak eragindako etenaren ostean, bueltan da binakako Master Cup txapelketa. Azken txanpa bakarrik falta da amaitzeko. Ekainaren 21ean, 12:00etan,  pilota goxoko finalerdiak jokatuko dituzte Elgoibarren eta Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarra izango da protagonistetako bat. Aurrelari gazteak Amaia Jakarekin osatuko du bikotea. Nagore eta Leire Galeano ahizpak izango dituzte parez pare. Bigarren finalerdia honako hau da: Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi / Irantzu Etxebeste-Ane Urkizu.

Elgoibarreko finalerdia bigarren aukera bat da Ruiz de Infanterentzat eta Ane Urkizurentzat. Pilotari bata zein bestea txapelketatik kanpora geratu ziren final laurdeneten, baina Leire Etxanizek eta Eneritz Arrietak txapelketan ez jarraitzea erabaki dute eta euren hutsuneak beteko dituzte. Arrietaren tokia betetzeko Ruiz de Infante aukeratu dute final laurdenetan tantorik gehien lortu zuen bikote galtzaileko aurrelaria izan zelako.

Finalerdietako bi bikote irabazleek ekainaren 28an jokatuko dute finala, Irungo Urantzu pilotalekuan. Hauekin batera, pilota mixtoko finala jokatuko dute Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldai eta Leire Garai-Olatz Ruiz de Larramendi bikoteek.

ETB-1ek zuzenean eskainiko ditu jaialdi biak, txapelketako antolatzaileek ohar batean jakinarazi dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!