Osasunaz haratago doan krisia dela erakusteko asmoz, Gazte Asanbladak eskubide urraketen testigantzak jasoko ditu Otxandion

Joseba Derteano 2020ko mai. 4a, 09:18

Otxandioko Gazte Asanbladako kideek uste dute COVID-19 birusak sakonean dagoen eredu krisi bat areagotu eta begi-bistakoago egin  duela, eta, gaurko egoeratik abiatuta, ekimen bat martxan ipini dute gaia gizarteratzeko zein kontzientziazioan eragiteko. Gizarteko esparru anitzetan gertatzen diren eskubide urraketak jaso gura dituzte, eta helbide elektroniko bat bideratu dute gura dutenek euren testigantza bidali dezaten: otxandiokogaztetxea@gmail.com.

Azken batean, gaur egungo egoera "osasun krisiaz haratago" doan arazoa dela uste dute Otxandioko Gazte Asanbladako kideek,  eta "ertz askotatik" aztertu beharreko gaia dela. "Horrela, badira lanik barik gelditu eta alokairuak ordaintzeko gaitasunik ez duten familiak, etxean jasaten duten indarkeria matxistatik ihes egiteko aukerarik barik geratu diren emakumeak edo beharrezkoa den babeserako materialik barik lanera joan behar diren langileak", arrazoitu dute sare sozialetan publiko egindako testu batean.

Otxandio ez da "salbuespena"
Egoera baloratuta, beste hainbat herritako gaztetxeetan martxan ipinitako ekimenagaz bat egin eta dinamika Otxandiora zabaldu dute. Izan ere, eskubide urraketetan Otxandio ez dela "salbuespena" azaldu dute. "Hemen ere egoera honen lehenengo ondorioak ikusi daitezke hainbat esparrutan, bai salbuespen egoerarenak, bai krisi ekonomikoarenak", diote.

Testigantzak jaso eta gero, eurekin zer egin pentsatuko dute. Helburua gizartean eztabaida eragitea denez, testigantza batzuk modu batean edo bestean publiko egitea izan daiteke aukeretariko bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!