Eraso matxista salatzeko elkarretaratze jendetsua egin dute Otxandion

Joseba Derteano 2018ko uzt. 9a, 20:30

Eraso matxistarik ez lelopean jendetza batu da Bagaizan talde feministak deitutako elkarretaratzean.

Elkarretaratzearen amaieran irakurritako testuan “elkartasuna eta berotasuna” helarazi diote erasotutako emakumeari. “Gurekin kontatu dezake eta gure esku dauzkagun baliabide guztiak bere esku jartzeko prest gaude”. Bestalde, emakumeari laguntzera hurbildu ziren herritarren jokaera “txalotu” dute. “Joatsue hemendik besarkada bero bat zuei ere”. Azkenik, eraso matxistekin amaitzeko “jendarte osoaren inplikazioa garrantzitsua” dela gogoratu dute. “Gertaera honek, elkartuta egotearen garrantziaz jabetu gaitu”, adierazi dute.

Elkarretaratzearen aurretik ezohiko udalbatzarra egin dute udalean eraso matxistak salatzen dituen erakunde adierazpena onartzeko. Udalak erasoa “irmoki” salatu du. “Era honetako jarrerek, zein beraien erantzule diren gizonek ez Otxandion eta ez beste inon ez dute tokirik”, jasotzen du adierazpenak. “Babes osoa” adierazi diote atzoko erasoa jasan zuen emakumeari zein antzeko egoeran aurkitzen diren emakume guztiei. ”Behar duzuenerako Otxandioko Udalaren eta herri osoaren laguntza guztia jasoko duzue. Gaur eta beti zuon alboan egongo gara”, dio adierazpenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!