“Nire anaia hil zuen biolentziak hortxe jarraitzen du oraindik”

Markel Onaindia 2018ko mai. 4a, 11:00

2000. urteko otsailean Ibon Garateren anaia, Ruben, hil egin zen preso bati bisita egiteko bidaian istripua edukita. Guztira, 16 dira dispertsioaren eraginez hildako senideak, eta politika horri amaiera ematea aldarrikatu du Garatek, orain zazpi urte eginiko elkarrizketan bezala. Gaur egun lehengusua du kartzelan.

Zelan jaso duzu ETAren amaieraren iragarpena?
Nire ustez, albiste ona da. Orain ikusi egin beharko da zelako ondorioak dituen estatuaren partetik. Egia da orain arte ETAk egindakoak ez duela ondoriorik eduki dispertsioari begira. Estatuak beti eduki du aitzakiaren bat: su-etena egon arte zen lehen, armak entregatu arte gero, barkamena ostean, orain disoluzioa... Esperientziak diosku estatua ez dela mugituko, eroso dagoelako egoera horretan. Azken finean, dispertsioa amaitzea erabaki politiko bat izango da. Orain ez du aitzakiarik eta, nire ustez, ahalik eta gehien presionatu behar da pauso hori emateko.

Zazpi urte pasatu dira behin betiko su-etenetik. Zer ondorio ateratzen duzu?
Dispertsioaren ikuspuntutik, egoera ez da batere aldatu. Aieteko deklarazioan enplazamendu batzuk egin zitzaizkien estatuei, eta espektatibak sortu ziren. Baina ikusi da ez dutela ezer egin. Presoek urrunduta jarraitzen dute. Frantzian pauso bat eman dute, txikia, baina norabide onean emandakoa. Ez legoke txarto Espainiak ere berdina egitea.

Gaurtik aurrera bakea helduko al da?
Jende batek hori pentsatu dezake, baina ez da horrela. Nire anaia hil zuen biolentziak hortxe jarraitzen du oraindik. Astebururo-astebururo ehunka pertsonak euren bizitza arriskuan jartzen dute bere senideekin 40 minutu egoteko. Esperantza sekula ez da galdu behar, baina gure sentsazioa da ez dela ezer aldatu.

Senideek izandako istripuak gertatu dira azken urteetan ere. Suposatzen dut horrelako momentuetan etxekoei barrena astinduko zaizuela.
Bai. Argi dago, berpiztu egiten da. Istripua ikusten duzunean, bisita bat egitera joan eta anaiak istripua eduki zuen lekutik pasatzen zarenean... Denok ezagutzen dugu bisitan joango den bateren bat, eta beti zaude zerbait gertatuko ote zaion arduran. Hori beti egongo da hor. Trafikoko portzentaje bat da, edozein momentutan egon daiteke beste hildako bat. Eta nabarmendu gura dut erabaki politiko bat dela, inongo legerik ez du esaten preso batek Puerton bete behar duenik zigorra.

Biktimez sarri egiten da berba. Zu ere biktima sentitzen zara?
Bai. Politikariek erabiltzen duten erreminta baten biktimak gara. Baina, esan behar da onartu bako biktimak garela, hirugarren mailakoak. Biktima batzuk instituzionalki onartuta daude; beste batzuk hortxe dabiltza onartuak izateko borrokan, beste maila batean; eta gero beste batzuk gaude, existitu ere egiten ez garenak eurentzat. Hedabideetan ere beti biktima jakin batzuk daudela esaten da; badaude, noski, eta nire errespetu guztia dute. Baina beste errealitate hau bizi dugunok ere gure testigantza ematea oso garrantzitsua dela uste dut. Egiari Zor fundazioan ere banabil parte hartzen, eta nik ere ez nekizkien kasu batzuk ezagutu ditut.

Instituzionalki ez, baina gizartean babestuta sentitu al zarete?
Uste dut gizartearen babesa eduki dugula, eta instituzionala ez. Beste biktima batzuk daude babes instituzionala eduki dutenak, baina gizartearena ez. Babes sozialak sekulako garrantzia dauka. Bakarrik ez sentitzeak sekulako babesa ematen du.

ETAren desegiteagaz, hurrengo hilabeteetan zer pauso eman beharko litzateke?
Argi dago: presoak gerturatu, lehenik gaixorik daudenak eta hiru laurdenak beteta dituztenak, adinekoak... Logika apur bategaz, hori egin beharko lukete.

Gaur egun lehengusu bat duzu kartzelan, Luis Enrique Garate.
2011n elkarrizketa egin genuenean Parisen zegoen, eta orain Puerto de Santa Marian (Andaluzia). Kilometroei begiratzen badiegu, apur bat urrunago dago.

Zertan lagunduko lieke senideei dispertsioa amaitzeak?
Gaur egun presoak kondena bat betetzen ari dira, eta gu ere bai. Dispertsioa amaitzean, gure kondena bukatuko da. Nik ez dut ezer egin; senide batek ez du aukeratzen senide izaterik. Tokatu egiten zaizu, eta edozein ideologiatakoa izan zaitezke. Kondena itzela da: bizitza, denbora, dirua... Guztia baldintzatzen digu.

Zelakoa izaten da Puerto de Santa Mariara bidaia?
Gasteiztik autobus bat irteten da barikuetan, 20:00etan, eta hara biharamuneko 08:00etan heltzen gara. Bisita egin eta buelta, domeka goizean ailegatuta. Hegazkinean joatea ere probatu izan dut: Gasteiztik [bertan bizi da orain] autoz Bilbora. Bilbotik hegazkinez Madrilera. Madrilen terminala aldatu eta Jerezera beste hegazkin bat. Handik Puertora. Han autobusa hartu, eta autobusik ez badago, taxi bat, eta kartzelaraino. 40 minutu egon. Gaua pasatu eta berriro hegazkina hartu... Azkenean, antzerakoa da autobusez eta hegazkinez. Bestalde, 130 bat euro gastatzen ditugu bisitako.

Senideek beti esan izan duzue bisitak egiten jarraituko duzuela, egoera zaila izan arren ere.
Noski. Gure senideak dira, eta maite ditugu. Horregatik goaz bisitatzera. Gainera, bisita egitea gure familia eskubidea bermatzea ere bada. Ez da kapritxo bat, giza eskubide bat da, eta guk 1.000 kilometro egin behar ditugu betetzeko.

Zer esperantza edo amets duzu?
Gatazka amaituta egotea eta euskal gizarteak erreferendum baten bitartez estatuekin zelako erlazioa eduki gura duen erabakitzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!