"Aieteko deklarazioan agertzen diren puntuetan dago gatazkaren konponbidea"

Anboto 2011ko urr. 28a, 09:01

Ibon Garate (Otxandio, 35 urte) Ruben Garate \'Anselmo\'-ren anaia da. Orain 11 urte hil zen Ruben, kotxe istripuan, Madrilen preso politiko bat bisitatzetik zetorrela. Aurreko gaua gidatzen emana zuen, goizeko bisitara sasoiz heltzeko. Gaur egun, bere lehengusu bat preso du.

Zelan jaso zenuen joan zen asteko ETAren komunikatua, armak betiko uztea iragarriz? 

Oso berri ona dela uste dut, gatazkaren konponbidean pausu garrantzitsu bat.

 

Zure  anaiari gertatutakoa gogora ekarrikozizun... eta zure lehengusuaren egoera...

Ez dut inongo komunikaturen beharrik, astero-astero etortzen zait burura senide eta lagunak Espainiarantz edo Frantziarantz bisitan doazela ikusten dudanean. Estatu espainolak presoak hurreratuko dituela esaten duen komunikatua heltzen denean etorriko zaizkit lehengusua eta beste preso pila bat gogora.

 

Zelan bizi duzue dispertsioaren eragina familian eta lagunen artean?
Dispertsioaren eraginez anaia hilik dago, beraz, argi dago oso gogorra izan dela eragina. Bestalde, bisitak egitetik aparte Mirentxin gidaria ere banaiz; furgonetetan kartzeletaraino ahalik eta senide gehien modu seguruago batean eramaten saiatzen gara.
Ikuspuntu ekonomikoa anekdota batekin azalduko dut; urriaren 8an Parisen bisita neukan nire lehengusuarekin eta horretarako tren txartelak denboraz erosi nituen merkeago irten zitezen; 148 euro joan-etorria Gasteiztik. Urriaren 7an lehengusua kartzelaz aldatu zutela jakinarazi ziguten, eta ez zuela bisitarik izango, beraz etxean gelditu nintzen egunez aldatzerik ez neukan tren tiketeekin.

 

Testuinguru berri honetan zer pausu eman beharko lirateke espetxe politikan?

Euren legeak bete ditzatela: dispertsioaren bukaera; gaixotasun sendaezinak dituzten presoak askatzea; hiru laurdenak beteta dituzten presoak askatzea; Frantzian bi herenak beteta dituztenen askatzea; kondena beteta dutenak kalera irtetea; kondenen luzapenerako doktrinaren bukaera.

 

Eta Euskal Herriari dagokionez?

Uste dut lehengo asteleheneko Aieteko deklarazioan agertzen diren puntuak aurrera eraman beharko liratekeela; hor dago gatazkaren konponbidea.

 

Zu eta zure familia gatazka honen biktima zaretela sentitzen duzu?

Jakina! Nire anaia ez da DGTren estatistiketako zenbaki bat gehiago, agintari espainolek (lehenengotan PNVren laguntzarekin) diseinatu eta aplikatzen duten espetxe politika basati baten biktima bat baizik.Dispertsioa gatazka honetan estatuak euskal preso politikoen eta euren senide eta lagunen kontra aplikatzen duen tresna da, beraz, dispertsioaren biktimak garen heinean, gatazkaren biktimak ere bagara.

 

Zenbat lagun hil dira presoak bisitatzen?

Nire anaia errepidean hildako zortzigarren laguna izan zen, gaur egun 16 dira hildakoak, eta dispertsioarekin amaitzen ez badute, laster zenbaki hau handitzen joango da. Badakite senideak errepideetan hiltzen ari direla, baina dispertsioa mantentzen dute. Presoen lagun eta senideak astebururo  gaude dispertsioak jartzen digun heriotz zozketa honetan parte hartzen. Aurtengo urriraino 11 istripu egon dira.
Bestalde, esan nahiko nuke inork ez duela zalantzan jartzen ETAren hilketek min izugarria eragin dutela, baina badaude beste hainbeste sufritzen dutenak ere; hor daude GAL, BVE, AAA, Estatuaren errepresioa, torturak eta abar. Ados nago biktimei erreparazioa, errekonozimendua eman behar zaiela, ez dago inongo dudarik, baina biktima guztiei!

 

Presoen eskubideak aldarrikatzeko herritarren  partetik inplikazioa beharrezkoa dela deritzozu?

Funtsezkoa dela deritzot, eta gaur egun sekulan baino gehiago. Horregatik oso ondo ikusten dut, Egin dezagun bidea bezalako ekimenak, non eragile eta norbanako ezberdinek presoen eskubideen alde lan egiteko batzen diren.

 

Zelan ikusten duzu Euskal Herria urte batzuk barru?

Espero dut indarkeria guztiak gaindituta egongo direla, eta herri honi hainbeste sufrimendu ekarri dion gatazka politikoari irtenbidea ematen egongo direla lanean politiko guztiak. Autodeterminazio eskubidearen jabe, euskal gizarteak bozkatuko duen beraien arteko akordioak ekarriko diolako herri honi benetako bakea. Badakit ez dela erraza izango, baina nik ez dut esperantzarik galtzen. Bitartean, joan gaitezen pausoz pauso. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!