“Jende asko ari da elkarbizitzarako pausoak ematen, biktima asko gara beste ildo batean gaudenak”

Markel Onaindia 2018ko mai. 4a, 09:30

2000ko ekainean Mari Carmen Hernandezen senarra, Jesus Mari Pedrosa, hil zuen ETAk. Hedabideetan agertzen diren biktimen mezutik urrun, elkarbizitzaren alde lanean dihardu. 2011ko urrian ANBOTOri emandako elkarrizketan, konponbidea lortzeko eskuzabalak izan behar dugula zioen, gaur errepikatzen duen mezu bera.

Gaurko iragarri dute ETAren desagerpena. Zer sentsazio duzu?
Dagoeneko desagertuta zeudela zirudien. Izan ere, behin armak utzita, lasaiago bizi zara, beste giro bat egon da. Hilketarik eta estortsiorik ez egotea zen garrantzitsuena. Baina urte gehiegi pasatu dira eta luze egin zaigu, ETAren disoluzioa zelako itxaroten geundena. Zer helburu zuen disolbatu barik jarraitzeak? Urte luzeetako sufrimenduari amaiera bat emango zaio; asko pozten naiz disoluzio hori egiaztatuko delako.

Orain egun batzuk mezu autokritikoa helarazi zuen ETAk. Zer iruditu zaizu? Balekoa izan al da?
Barkamen selektiboa eskatu diete euren arabera gatazkan zeikusirik eduki ez dutenei. Nortzuk dira? Gurago nuke barkamen hori ez balute eskatu; niri, behintzat, ez dit ezer esaten. Hainbeste denboran egindako mina justifikatu egiten dute era batean. Zer lortu da? Heriotzak, familiak apurtzea... Nire senarra, adibidez, alderdi politiko batean zegoen, herriaren alde lan egiten. Hiltzea merezi zuen? Errekonozimendu hori mina justifikatu barik egin behar lukete. Badirudi ETAk bere iragana zuritu gura duela, errudun nagusiak eurak direnean. Edozelan ere, barkamena gutxienekoa dela uste dut; bakoitzak errekonozimendu kritiko bat egin behar du. Iragana ez da bueltatzen, eta orainera eta etorkizunera begiratu behar da.

Biktima batzuek jarrera gogorra agertu dute egunotan...
Denon artean elkarbizitza eraikitzen joan behar dugula uste dut, eta modu horretan zaila da. Jende asko ari da pausoak ematen, biktima asko gara beste ildo batean gaudenak. Gertatzen dena da guri ez zaigula hainbeste entzuten, baina beste horiek biktimen kopuru txiki bat ordezkatzen dute. Langraitz bideko presoekin egon izan naiz, eta hauxe ondorioztatzen dut: zigorra bete ostean, bergizarteratzeko eta euren bizitzagaz jarraitzeko eskubidea dutela. Gainera, uste dut presorik gehienak ez zirela izan nor hil behar zuten pentsatu zutenak, eta benetan pentsatu zutenek baino ardura gutxiago dutela. Asko gorrotoaren eraginpean eta giza eskubideen errespetutik urrun hezi ziren.

Dispertsioaren aurka azaldu izan zara aspalditik.
Nik hasieratik uste izan dut senideek ez dutela zertan sufritu, eta dispertsioak ez zuela existitu behar. Senide batzuek ezin dute ezta joan ere egin. Zer inporta du zigorra han edo hemen bete? Gainera, orain jada ez du inolako zentzurik. Kartzela onuren alde ere banago, horiek irabazten badituzte. Hori bai, egin dutenek zigorra ordaindu behar dutela ere uste dut. Bestalde, esan beharra dizut preso batek gutun hunkigarri bat bidali zigula etxekoei Gabonetan, gure egoeraz kezkatuta, eta uste dut hori dela bidea. Bere baitan ere hobeto sentituko dela uste dut.  

Elkarbizitzaren aldeko beste ekimen batzuetan ere ibili zara.
Ikastetxeetan berbaldiak egiten dituen Adi-Adian programan nabil, eta orain, gainera, unibertsitateetan ere egoten gara.  Jende oso desberdina joaten gara, baina guztiak mezu beragaz, eta hori da positiboa. Gure lekukotza modu eraikitzailean ematen dugu, gorrotorik barik. Bizi izan dugun sufrimenduaren historia ezagutzeko asmoz, akatsetatik ikasi eta berriro halakorik gertatu ez dadin. Gazteek ez dute ideiarik ere hemen sufritutakoaz, etxeetan ez delako berbarik egin. Eurek ere galderak eta hausnarketak egiten dituzte. Hunkigarria izaten da eta aberastuta irteten zara. Bestalde, Asun Lasagaz [GALek hildako Joxean Lasaren arreba] ere zenbait mahai-ingurutan parte hartu izan dut; azkenekoan Altsasuko gazteen ama batek parte hartu zuen.

Zurea bezalako kolpe pertsonalak gainditzeko prozesuak ez dira errazak. Jendearen babesa sentitu duzu?
Oso eroso egon zaitezke zuloan. Handik irteteko, esfortzu bat egin behar duzu. Indar bati heltzea behar duzu gorantz egiteko. Badago jende bat oraindik berbarik egiten ez didana, eta kasu batzuetan beldurragatik izango dela uste dut. Bakoitzak jakingo du. Baina, bestelakoan, jendearen beroa sentitu izan dut. Esaterako, Bateginez elkartekoek [Gobernuz Kanpoko Erakunde horretan urte askotan parte hartu zuen Hernandezek] asko lagundu zidaten; AEKn euskara ikasten egon nintzen, eta irakasleek idatzi zidaten hilketa gertatzean. Edurne Brouarden oso laguna naiz, eta Glencree iniziatibagaz Irlandan egon ginen biok. Bestalde, ni eliztarra naiz, eta aipatu behar dut elizaren partetik umezurtz sentitu naizela, ez didatelako mezu bakar bat ere helarazi.

Legebiltzarreko bake ponentzian ere parte hartu duzu. Ez doa aurrera.
Bakarka egonda, hausnarketak oso onak ziren. Baina, gero, alderdi politikoen irizpideei jarraitzen diete. Gure ordezkariak dira, eta eskuzabalagoak izan beharko lukete. Akaso zu eta biok ezingo gara adiskidetu, baina errespetuan elkarregaz bizi, bai. Hori da lehen pausoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!