“Ez da negu oso txarra izan, hotza ere ez, baina negu gogaikarria eta luzea izan da”

Markel Onaindia 2018ko api. 6a, 11:00

Juan Pablo Arruabarrena Bengoak (Otxandio, 1965) ondo daki zer den elurra kentzea brigadako bere lankideagaz batera. Eguzkiaren babes epelean jaso gaitu plazan.

Zelako negua egin du Otxandion?
Ez da negu oso txarra izan, hotza ere ez, baina negu gogaikarria eta luzea izan da. Sarri egin du elurra, baina gutxi. 20 bat zentimetro bota ditu gehienez; mutikotan ezagutu genuenagaz alderatuta, ez da hainbesterako izan. Azken urteetan gutxiago egiten du. Orain bost urte, bai, 55 zentrimetro inguru eduki genituen. Baina azken elurtza handia 2004an izan zela uste dut, metro bete bota zuenean. Astebetez inkomunikatuta egon ginen.

Zelan antolatzen zarete elurteei aurre egiteko?
Telebistak edo Aldundiak iragartzen duenean, makinak eta gatza prestatzen hasten gara. Estualdi batean 06:00etan ekin behar badiogu, dena prest egon dadin. Kale nagusiak, lehentasunezkoak direnak, garbitzen ahalegintzen gara lehenik. Eskolarakoa, farmaziarakoa, medikuarenerakoa, autobusa pasatzen dena... Gero, baserrietara joaten gara, jende gutxien bizi delako. Aurten, bost elurtzatik bakarra egin du leiagaz, eta horixe izan da gogorrena. Baina, bestela, ez dugu arazo handirik eduki.

Brigadakoez aparte, boluntario talde bat ere badago, ezta?
Bai. Suhiltzaile boluntarioen talde bat dago. Asteburuetan izaten da, eta aurten elurra aste barruan egin duenez beti, ez dute parte hartu. Gainera, kasualitatez udalak brigadan laguntzeko pertsona bi kontratatu ditu, eta lana banatu dugu. Lagun bi elurra kentzeko makinekin ibili gara, eta besteak palekin. Horrez aparte, Otxandion badago elurra kentzeko auzolanerako kontzientzia, bakoitzak bere kale zatitxoa garbitzeko, edo etxe inguruan gatza botatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!