“Ekaitz perfektua, elurte perfektua izan zen otsailekoa; gogoan izango dugu”

Aitziber Basauri 2018ko api. 6a, 14:02

Sartu gara udaberrian. Elurra protagonista izan duen negu euritsua utzi dugu atzean. Hala ere, oraindik espero du elurterik Andoni Aizpuruk (Gabiria, 1964), eskiak jantzi eta inguruko mendietan ibiltzeko. 25 urte dira eguraldi aurkezlea dela; 18 Elorrion bizi dela.

Urteetako negurik euritsuena izan dugu aurten?
Oso bustia izan da, bai. Ez da negu izugarri hotza izan, batez besteko tenperaturak nahiko ohikoak izan dira. Baina haizea ibili da, eta prezipitazio aldetik euritsua izan da, mendietan elurtsua. Egun askotan egin du, gainera. Esan behar da azaroan lehorte handia zegoela, sute arriskua ere bai . Oso lehorrak, epelak, izan ziren iraila, urria eta azaroa. Gero etorri da euria, ondo etorria, behar zen-eta. Baina asko egin du. Aste Santuko hilbete honetan utzi dio euria egiteari, hego-haizea etorrita. Baina oraindik botako du. Seguraski, datorren astean elurra egingo du, Anboto barreneraino.

Negu ezohikoa izan da?
Eguraldia beti mugitzen da estatistiken barruan, baina bai. Hainbat urtetako datuen batez bestekoekin lortzen dira datu klimatologikoak. Aurten ez dira iazko urtarrileko itzotzak izan. Baina kaleak zuritu dira. Gogoan dudan azken negu gordina 2005ekoa izan zen. Harrezkero, seguraski ez du hainbeste zuritu horren maila baxuan, 100-300 metroan. Baina egon izan dira elurte handiagoak. Aurretiko neguak oso epelak izan ziren, nahiko lehorrak gainera. Euskal Herriko negua azaroaren 1ean hasi eta apirilaren 1ean amaitzen da gutxi gorabehera; hala diote inguruko baserritarrek ere.

Elurrak irudi esanguratsuak utzi ditu.
Aurtengo neguan sei bat elurte izan ditugu. Baina bakarra nabarmentzekoa: otsailaren 28koa. Euskal Herri osoan egin zuen. 25 urtean ez dut horrelako elurterik ezagutu. Handiagoak bai, baina hura berezia izan zen. Hegoaldetik fronte bero bat etorri zen, tenperatura hotzak hartuz, eta denean zuritu zuen. Denean oso antzera. Itsasertzeraino heldu zen, hirietan ere lodituz. Ez da ohikoa. Ekaitz perfektua, elurte perfektua izan zen; gogoan izango dugu luzaroan. Polita benetan.

Lehen elurteagaz batera Urkiolara joaten zara eskiekin.   
Bai, ahal badut, bai. Aurten, 48 egunetan hartu ditut eskiak, eta zenbaki hori borobiltzea espero dut oraindik. Urkiolan, Gorbeian eta Aizkorri inguruan eskiatu dut 45 egunetan; 700-1.500 metro inguruan —Piriniotan hiru bat bider—. Mendrakan (Elorrio) ere ibili naiz eskiekin. Azken elurtean, bikotekidea eta biok Apataraino jaitsi ginen kotxean, eskiak bertan sartuta. Bera Durangora joan zen kotxean, lanera, eta ni iraupen-eskiekin bueltatu nintzen Mendrakara, zazpi bat kilometro.

Durangaldea kolapsatu egin zen.   
Baldintza normaletan, egunsentia da eguneko unerik hotzena. Orduan mugitzen da jende gehiena lanera, eta elur pixka bat nahikoa da arazoak izateko. Hala ere, gu ez gaude prestatuta. Umetako ilusioa nuen elurra egitea, eskolara ez joateko, eta gaur egun ere pentsatu dut inoiz, “bota dezala metro eta erdi”, lanera ez joateko.Nire barruko umea piztu egiten zait elurragaz. Oso polita da.

Haize gogorrak ere izan dira.
Izan ditugu ziklogenesi indartsuak. Zabalanditik Arrazola aldera 40 pago ikusi daitezke lurrean, 2009an Klaus ziklogenesiak botatakoak. Otxandio aldetik etorri zen hego-haizea, 200 km orduko haize-boladak izan ziren. Aurten, negu haizetsua izan dugu, egon dira abisuak eta alertak itsasoagatik, baina nahiko ohikoa da hori. Olatualdi gogorragoak izan ditugu. Abisuak ondo neurtu behar direla uste dut, ematen den informazioa eta nola ematen den neurtu behar dela. Bestela jendea beti dago alertan. Gainera, efektibitatea galtzen du. Baina hedabideek, oro har, asko dramatizatzeko joera dute.  

Ipar poloa ohi ez bezala berotzeak zuzenean eragin du?   
Artikoa gero eta errazago urtuz doa, eta are eta epelagoa den ur horrek ekaitzak sortzeko prozesuan du eragina: errazago sortzen dira, eta ohi baino beherago jaitsiz gero, gurean euri gehigo eta tenperatura hotzagoak eragingo dituzte. Udan ohi baino gehiago urtu zen Artikoa, ekaitz gehiago eta sakonagoak sortuz. Indartsuagoak dira eta hegoalderago heltzen dira.

Kalean galdetzen dizute eguraldiari buruz? Baduzu pasarterik?
Bai, deitu ere egiten didate galdezka. Baserritarrek batez ere, eta gustura erantzuten diet. Kalean ere, jaiak, eski probak... direla-eta galdetzen didate. Pasarteak? Arantzazun gora eskiekin gindoazela azkena. Ia nora gindoazen esan ziguten, “ez dago-eta elurrik!”. Albokoak esan zion: “honek jakingo du”. Goian elur askorik ez zegoen arren botak jantzi eta bueltatxoa eman genuen. Halakoak, asko! Eta kaferen bat ere irabazi dut. Beste batean, San Blasetan zurituko zuela esan nion bati Apatan. “Bai zera! “esan zidan. Zuritu zuen.

Udaberriak emango du ezusterik?
Ez dakit. Tenporak hor daude, zikloak era bai... ez diot horri kontra egingo, baina urtaroko iragarpena egiterik ez dago. Hor dago erronka. Ondo moldatzen gara 3-5  eguneko iragarpenekin, joerak betetzen dira, baina epe luzerako iragarpenak egitea oso zaila da.

Erlazionatuak

"Aurtengo negua ezohikoa izan da"

Aitziber Basauri 2018 api 05 Durangaldea

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!