Andresa Landa Fundazioak eta udalak proiektu garrantzitsu bat gauzatu gura dute elkarlanean. Artekale 1, 3 eta 5 zenbakietako orube edo eraikinak azpiegitura berriak sortzeko erabiliko dituzte. Fundazioak nagusientzako auzo etxe bat egin gura du eta udalak gaur egun dituen azpiegitura premiei erantzun gura die. Aurrekontuetan sartu duten birgaitze planak egitasmo handi horretako berezitasunak jasoko ditu. Esaterako, gaur egun Alde Zaharra monumentu multzo gisa izendatua du Eusko Jaurlaritzak. Araudi horretan partzela bi lotzea ahalbidetzen da, baina ez hiru. Udalaren eta Andresa Landaren proiektuak, ordea, hiru partzelari eragiten die. Jaurlaritzagaz aldaketa hori tramitatuko dute, eta birgaitze planean jasota geratuko da. Egitasmoak duen berezitasun hori ez ezik, beste batzuk jasoko dituzte planean.
Era berean, herritarrei Aldundiarekiko hartu-emana errazteko balioko die planak. Alde Zaharreko etxean obrak edo aldaketak egiteko Aldundiko Ondare Sailaren baimena behar da eta, gaur egun, eremu horretako ordenamendu zehatz barik baimen horiek lortzea kosta egiten da. Beraz, burokrazia administratiboak arintzeko baliagarria izando da plana.
Aurten hasiko dira plana idazten, baina baliteke datorren urtera arte ez amaitzea.
Mainondoko ur depositua
Aurrekontuetan 100.000 euroko diru atala gorde dute edateko ur sarean hobekuntzak egiteko. Alde batetik, Mainondoko ur depositua automatizatu gura dute. Gaur egun, deposituak ura errekatik jaso, garbitu eta herritarrek erabiltzen ez dutena berriro errekara isurtzen du. Ez du zentzurik. “Errekari ura kentzen diogu eta probetxurik bako gastu bat egiten dugu”, dio Urtzi Armendariz alkateak. Horregatik, sistema bat ezarriko diote, errekatik jasotzen duen ur kopurua eskariaren araberakoa izan dadin. Hau da, behar den ur kantitatea bakarrik hartu eta tratatuko du.
Depositu horretara doan ura Atxingo iturburutik dator. Oletan dagoen iturburu horretatik Otxandiorako tarte batzuetan fibrazementuzko hoditeria dago, eta horiek PVC materialezko hodiengatik aldatuko dituzte osasunerako hobeak direlako.
Oletarako espaloi zatia
Aurrekontuetako beste inbertsio bat Otxandiotik Oletara artean egin gura duten espaloiko tarte bat egiteko erabiliko dute; Etxebarrirainoko tartea egiteko, hain zuzen. 300.000 euro gorde dituzte zeregin horretarako. Proiektua eginda eta baldintza orria argitaratuta dagoela azaldu dute udal ordezkariek. Eskariak jasotzen ari dira, ondoren lanak esleitzeko.
Otxandioko frontoi azpian dagoen espazio bat gimnasio moduan eraberritzea da gauzatu gura duten beste proiektu bat. Horretarako, 100.000 euro bideratu dituzte aurtengo aurrekontuetan.