Nagusientzako auzo etxea eta udal azpiegitura berriak egingo dituzte

Joseba Derteano 2016ko abe. 23a, 12:02

Andresa Landa fundazioak nagusientzako auzo etxe bat egingo du Otxandion. Urteetan lantzen dabilen asmoa Artekale kalean bere jabetzan duen eraikin batean gauzatuko du. Udalak bere jabetzakoa den beste orube bat du ondoan eta fundazioak proposamen bat egin zien: bi espazio horiek eta hirugarren eraikin bat batuz, gune hori denen artean eraberritzea eta nork bere beharrizanetarako erabiltzea. Azken udalbatzarren EH Bilduk (Gobernu Taldea) eta EAJk —udalbatzarra osatzen duten alderdi biek— aho batez onartu zuten proposamena.

Tamaina handiko proiektua da. Horregatik, alderdi baten konpromisoa barik, udal mailakoa izan zedila eskatzen zuen fundazioak, uneko agintarien gainetik geratuko zena. Proiektua  apustu estrategikoa da udalarentzat. “Lehentasuna izango du” dio Urtzi Armendariz alkateak. Udal azpiegituretan dauden “premiei” aurre egiteko proiektua dela uste du Armendarizek. “Udaletxeko eraikina ondo dago, baina gabezia batzuk ditu, bai langileei, bai herritarren irisgarritasunari dagokienez. Kultur etxeak ere bere hutsuneak ditu”, gehitu zuen. Beraz, “hurrengo 25 bat urteetarako eraikin publikoen premia bideratuko lukeen irtenbidea izan daiteke”. EAJko Beñat Gorospe zinegotziak ere “aukera ona” dela eta herritarrentzako zerbitzuak “hobetuko” direla uste du.

Artekale kalean (1, 3 eta 5 zenbakietan) eta udaletxetik gertu daude eraikin biak eta orubea. Sasoi batean udalak eraitsi egin zuen orube horretan zegoen eraikina. Hirugarren eraikinak jabe pribatu bi ditu. Hirurek hodi forma dute, estuak dira. Eraikin zabal eta solairu bakarrekoak egitea da asmoa. Solairu bakoitzaren jabetza-erabilera aurreproiektuan finkatuko dute.

Kostua eta finantziazioa
Proiektua elkarrekin gauzatzeak “kostuak gutxitzea” ere ekarriko du, alkatearen esanetan. Izan ere, bi miloi euro gaindituko dituen egitasmoa izan daiteke. Fundazioak jakinarazi die badutela kostuen erdia estaliko lukeen diru kantitate bat.  Udalak legegintzaldi honetan aurreproiektua gauzatu, diru iturriak lotu eta dagozkion arau urbanistikoen moldaketak gauzatu gura ditu. Epe luzera begirako egitasmoa da.  “Sei-zazpi urteko prozesua izan daitekeela kalkulatzen dugu”, dio alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!