Bagaizanen aurkezpenean taldera batzeko gonbidapena luzatu diete otxandiarrei

Joseba Derteano 2017ko aza. 22a, 10:37

Otxandioko kultur etxean egindako aurkezpeneko irudia.

Orain urte bi sortutako talde feministak askotariko ekintzak antolatu izan ditu, baina taldearen aurkezpen ofiziala joan zen asteburuan egin zuten.

Bere eguneroko jardunean geldiunetxo bat egin eta orain arte aurrera eramandako lana herritarrei ezagutara ematea erabaki du Bagaizan talde feministak. Orain arte, modu publikoan lan eginagatik, jendaurrean euren burua aurkeztu barik zeuden. Horretarako, aurkezpen ekitaldia antolatu zuten joan zen barikuan Otxandioko kultur etxean. “Feministak gara, lotsa barik esaten dugu eta feminismo horretaz kutsatu nahi zaituztegu”, azaldu zieten aurkezpenera batu ziren herritarrei. Gaur egun, Bagaizan bost bat lagunek osatzen dute eta herritarrei taldera batzeko gonbidapena luzatu zieten aurkezpenean.

Sortu zenetik hona maitasun erromantikoen tailerra, askotariko filmeen emanaldiak eta autodefentsa tailerrak antolatu dituzte, besteak beste.

Azaroaren 25aren harira hainbat ekitaldi

Azaroaren 25aren harira hainbat ekintza antolatu dituzte udalagaz elkarlanean. Zapatuan Mirugainera mendi martxa egingo dute biolentzia matxistaren kontra. Hitzordua 10:00etan jarri dute, plazan. Domekan, 13:00etan, elkarretaratzera deitu dute plazan. Arratsaldean, 18:30ean, Donostiako Zinemaldian estreinatu zen Volar dokumentala eskainiko dute kultur etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!