Martxoaren 8a

Bagaizan, berdintasunaren bidean doazen Otxandioko feministak

Anboto 2016ko mar. 7a, 12:26

Ezkerretik hasita: Ane Unzalu, Andere Basterretxea, Ana Nogueira, Izarne Axpe eta Aintzina Basterretxea

Bagaizan. Bagoazan. Badoazela, alegia. Berdintasuna dute helmuga eta ibilian doazela kontzientziak astintzea, hezkuntzan eragitea edo eta jabekuntzan sakontzea gura dute, besteak beste. Bagaizan Otxandioko Feministak berdintasunaren alde lan egiteko herrian sortu den lehen taldea da. Iazko irail inguruan hasi ziren batzen eta urte amaieran hartu zuen indarra. Aurten agenda bete-beterik dakarte.

Ana Nogueira udaleko berdintasun arloko zinegotzia da. Arlo hori lantzerako orduan arazo batekin aurkitu zen: “Ez zegoen talderik edo berdintasunari lotutako beste ezer herrian. Udaleko batzorde batean adin desberdinetako neskak batu gura genituen. Horrela, honi eta hari deitzen hasi nintzen eta lehen batzarrean hainbat lagun batu ginen. Zelako harrera izan zuen ikusita, ‘hau ez da udal barruko batzorde bat izango, hau talde  independiente bat izango’ pentsatu genuen”. Horrela hasi ziren. Kosta zitzaien izena erabakitzea: “Emakume taldea izatea komentatu zen, baina hori asko mugatzea izan zitekeela pentsatu genuen, esaterako, gizonen batek taldera batu gura bazuen. Horregatik, Bagaizan Otxandioko Feministak deitzea erabaki genuen”, gogoratu du Ane Unzalu Bagaizaneko kideak.

Hamar bat lagunek osatzen dute taldea eta adin tarte zabaleko jendea batzen da.  Horrek “aberastu” egiten du taldea Andere Basterretxearen arabera: “Bakoitzak bere ikuspuntua eskaintzen du. Esaterako, taldekide batek gogoratzen duenean gaztea zela lanean zer tratu jasotzen zuen, konturatzen zara denboragaz aurrerapausu esanguratsuak eman direla, baina aldi berean oraindino egiteko asko dagoela ere ikusten dugu”. "Askotariko talde edo erakundeen bidez egindako lana positiboa izan dela ikusten da, guk klasean edo lanean ez ditugu horrelako jarrerak izan, baina oraindik lan handia dago egiteko eta Bagaizan lako taldeekin bide horretan beste pausu batzuk eman gura ditugu", uste du Aintzina Basterretxeak ere. Hezkuntzan eta emakumeen jabekuntzan eragin gura dute, esaterako.

Emakumeen jabekuntza da Bagaizanek sakondu gura duen eremu bat. Bide horretan, maitasun erromantikoa desmitifikatzen duen eta askotariko maitasun motak azaltzen dituen tailerra egin dute otsailean. Aurrera begira, autodefentsa feministaren gaineko tailer bat ere antolatu gura dute.

Tertulia Lila da aurten antolatu gura duten beste ekimen bat. Liburu bat aukeratu, irakurri eta denen artean komentatuko dute, aditu baten laguntzagaz. 

Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egitarau potoloa antolatu dute eskolagaz eta udalagaz batera. Martxoaren 13an, domekan, ‘Emakumea eta Publizitatea’ erakusketa ikusi ahal izango da Bolalekuan, 12:30etik 14:30era. Basauriko emakume taldeak utzita erakusketa honek emakumeek publizitatean jasotako trataera erakusten du. Domekan, baita, ‘Greban Gaude’ izeneko antzezlana antolatu dute, 18:30ean, eskolako kiroldegian. Euro bi da sarrera.

Bihar, martxoak 8, Lila Krosean parte hartzeko aukera egongo da 11:30ean, eskolatik abiatuta. Martxoaren 9an, berriz, 'Futbolariak eta Printzesak' izeneko umeentzako antzerkia antolatuko dute, 15:00etan, eskolako kiroldegian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!