Zelan biziko duzu domekako galdeketa eguna?
Donostian nago erroldatuta, eta ezingo dut botoa eman. Dena dela, ekimenaz informatuta nago, eta domekakoa egun oso berezia izango da hemen. Ea jende asko joaten den bozkatzera. Otxandiar bategaz bizi naiz, eta bera badoa parte hartzera.
Otxandio badago parte hartzera ohituta.
Herri txikia baina bizia da. Jende oso jatorra dago. Jende guztia agurtzen dut, eta lagunak ere egin ditut. Bestalde, udala saiatzen da gauzak herrikoi bihurtzen, herritarrei erabakitzeko gaitasuna eskaintzen.
Zelan ikusten duzu hemengo egoera politikoa?
Jendeak esaten du hemen dena geratua dagoela, baina uste dut poliki-poliki aterako dela aurrera. Katalunian ere jende gutxi hasi zen parte hartzen galdeketetan. Bestalde, hemen arazo garrantzitsu bat dago, presoena.
Katalunian aldaketa bat eman dela igarri duzu?
Azken bederatzi urteetan asko aldatu da Kataluniako panorama politikoa. Izan ere, lehenago, sozialistez beteta zegoen herrialdea.
Bazabiltza jarraitzen hango prozesu subiranista?
Interes handiz. Lagunek eta senideek mezu mordoa bidali dizkidate. Barikuan emozionatu egin nintzen. Hala ere, euskalduna sentitzen naiz gehiago.
155. artikuluagaz, ez al da prozesua moteldu?
Jendeak animatuta jarraitzen duela esango nuke. Gertatzen dena da Espainia ‘La España Negra’ dela. Burdinazko horma batzuk izan dira beti Madrilgo gobernuak, eta euskaldunok badakizue zerbait horretaz. Indarkeriarik barik guztiaz berba egin zitekeela zioten, eta orain eurek darabilte.
Irakasle izan zinen. Espainiar batzuek adoktrinamendua salatu dute sarritan.
Bada, kontatuko dizut: Bartzelonako ingurune industrialean eman izan ditut eskolak, eta umeek gaztelaniaz hitz egiten zuten euren artean.
Kazetaria zara. Gaur egun sekulako dimentsioa du Kataluniako prozesuak.
Kazetaritzan lan egin nuenean, zubi izatea zen garrantzitsuena. Adibidez, Eginen lan egin nuen, eta nirea egiten saiatzen nintzen. Batzuek, hainbestetan politikariekin egonda, azkenean politikari direla sinesten dute. LaSextako Antonio Ferreras ikusten dut, adibidez, eta ikaragarria da. Zelakoak esaten dituen! Urduri jartzen naiz.
Madrildik, ostera, TV3 kritikatzen dute, esanez partziala dela. Ikusi al duzu azkenaldi honetan?
Bai. Mugikorrean 324 kanala sartuta dut, 24 orduan TV3 ematen dizuna. Ordenagailuan ere ikusi dezaket. Uste dut telebista nahiko ona dela, eta ez dela partziala, iritzi bat eduki arren. Baina TVE baino partzialagorik ez dago; bere enpresa batzordeak ere salatzen du hori!