Atxondon eta Otxandion herri galdeketak egingo dituzte domekan

Joseba Derteano 2017ko aza. 3a, 12:35

Argazkia: Patxi Granado

Hautestontziak demokraziaren ispilu direla adierazi gura dute domekan Atxondon eta Otxandion. Herri bietako Gure Esku Dago (GED) elkarteek sustatuta, Euskal Herriko estatus politikoaren gainean galdetuko diete herritarrei. Katalunian ezadostasun askoren iturburu den gaia normaltasunez eta jai-giroan gauzatzea dute helburu.

Herri galdeketen hirugarren olatuak 13 herri bustiko ditu. Otxandio eta Atxondo ez ezik, Andoain, Areatza, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Mundaka, Ibarrangelu eta Leioako herritarrak ere boza ematera deituta daude. Guztira, 160.000 lagunek izango dute bere iritzia plazaratzeko aukera.

Otxandion honako hau izango da galdera: Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? Atxondon, berriz, honako galdera erabaki dute: Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi duzu?

Gure Esku Dagoko kideak buru-belarri lanean dabiltza egunotan domekarako dena prest egon dadin. Atxondoko GED-eko Ane Intxaustik azaldu duenez, atez ate informazioa ematen aritu da 12 bat laguneko taldea. “Atxondoko etxe zein baserri denetara joan gara. Galdeketaren harira antolatutako ekimenetan betiko jendea batzen zela ikusita, atez ate joatea erabaki dugu herritar denei azalpenak ematera”, adierazi du. Eguneko informazioa batzen duen eskuorria eta bozak utzi dituzte etxeetan. Otxandioko herritar denek ere eskuorriak eta bozak jaso dituzte euren buzoietan. Egunotan herria askotariko osagaiekin apaintzen jardun dutela azaldu du Onintze Lopez de Letona GED-eko kideak.

Aurretiazko bozkarako aukera amaituta dago Otxandion. 22 bat lagunek baliatu dute aukera hori. “Bozkatzera joango ez zirela uste genuen herritar batzuk etorri dira eta pozik gaude alde horretatik. Domekan ere antzerakoak gertatzea espero dugu”, dio Lopez de Letonak. Atxondon gaur amaituko da aurretiazko bozka emateko aukera: 19:00etatik 21:00etara udaletxe parean duten lokalean egongo dira. Domekan, berriz, ohiko hauteskundeetako eredua jarraituz, bozkagune bi jarriko dituzte: Apatan eta Axpen.

Galdeketa jai-giroan
Domekarako euria dago iragarrita. Katalunian ez bezala, oinazturik gabeko zaparradak izango dira, hala ere. Demokraziaren jaia izatea gura dute eta askotariko ekintzak prestatu dituzte. Atxondon herriko talogileek egindako talo ogitartekoak jateko aukera egongo da domeka arratsaldean, beste ekintza batzuen artean.

Otxandion egun osorako egitaraua prestatu dute. Goizean hamaiketakoa eta herri kirol erakustaldiak (12:00etan) izango dira. Eguerdian, 13:30ean, ekitaldi nagusia hasiko dute, Andikona plazan. Esangura sinboliko sakona duen tokia da, 1936an hildako asko eragin zituen bonbardaketa latza jazo zelako bertan. Bonbardaketa eta hildakoak alde batetik, eta herri galdeketa eta bozketa, bestetik. Gertaera biak bertsoen bidez lotuta hasiera emango diote ekitaldiari. Ondoren, udaletxeko plazarainoko bidea kalejiran egingo dute. Plaza nagusiko eszenatokitik hizlariekin, dantzekin eta musikagaz osatutako ekitaldiagaz jarraituko dute. Arratsalderako umeentzako jolasak prestatu dituzte.

BOZKAGUNEAK
• Otxandion: Udaletxe aurreko plazan.
• Atxondon: Apatako plazan eta Axpeko plazan.

ORDUA
• 09:00etatik 20:00etara.

GALDERAK
• Otxandion: Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?
• Atxondon: Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi duzu?

GALDEKETA EGINGO DUTEN HERRI DENAK
• Atxondo, Otxandio, Andoain, Areatza, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo,
Mundaka, Ibarrangelu eta Leioa.

DURANGALDEAN HERRI GALDEKETA EGINA DUTEN HERRIAK
• Abadiño, Elorrio, Durango, Zornotza, eta Zaldibar.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!