Kataluniako prozesua

"Atxiloketek eremu independentistatik haratago ere sumindura sortu dute"

Jone Guenetxea 2017ko aza. 3a, 09:50

Kataluniako hedabide publikoak kritiken jomugan daude. 155aren aplikazioak azkenean eragingo ez dien arren, tentsio handia bizi dute. Saül Gordillo Catalunya Radioko zuzendariak Kataluniako hedabide publikoen lana eta pluraltasuna aldarrikatu ditu. Aktualitatea ziztu bizian aldatuz doa Katalunian. Atzo bertan, Generalitateko bederatzi kontseilarik Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten. Carmen Lamela epaileak guztiak baldintza barik espetxeratzeko agindua eman zuen, Santi Vila izan ezik -bermepean-. Carles Puigdemontek eta beste lau kontseilarik Belgikan jarraitzen dute, eta epaileak haiek atxilotzeko agindu du. 

Zein eragin izan dute atxiloketek Katalunian?
Sumindura olatu bat eragin du alderdi independentista, eragile subiranista eta sindikatuen artean, besteak beste. Alderdi sozialistak esan du neurriz kanpoko erabakia dela. Bartzelonako alkateak atzo esan zuen Kataluniako historiako egun tristeenetako bat zela. Terrassako alkateak berriz, kargua utzi zuen. Hau da, gobernu erdi espetxeratzeko neurriak urriaren 1eko karga polizialen antzeko efektu bat izan du. Beraz, inguru independentistatik haratago doan eremuetan ere sumindura sortu du. Bestalde, orain Katalunian sortzen ari den eztabaida hauteskundeetako hautagaitzen ingurukoa da. Datorren astearterako hautagaitza horiek aurkeztu beharko dira. Beraz, eremu independentistan eztabaida egongo da hauteskundeetan zelan parte hartuko duten erabakitzeko. 

Kataluniako hedabide publikook sektore zehatz batzuen kritika gogorrak  jaso dituzue. Zelan sentitzen zarete?
Jomugan jarri gaituztela sentitzen dugu. Madriletik datorren errelato baten arabera, hedabide publikook arazoaren parte gara. Agitatzaile gisa markatzen gaituzte, informatzaile beharrean. Azken hilabeteetan errelato hori sumatu dugu kaleratu diren informazioetan eta arduradun politikoen adierazpenetan. TV3 eta Catalunya Radio 155. artikuluan barneratzeko ahaleginean ere jarrera hori nabaritu dugu, nahiz eta azkenean ez den horrela izan. Hau guztia estrategia baten barne dago. Uste dut jende askok ez duela ulertu Katalunian hedabide publikoek Espainiako gobernuaren menpe dauden hedabide publikoekin alderatuta lan oso ezberdina egiten dutela. Beste hedabide publiko batzuek baino kalitate, pluraltasun, zorroztasun eta objektibotasun estandar altuagoak izateaz gain, TV3 eta Catalunya Radio sinbolo batzuk dira herri honetan hizkuntza eta kultura katalanaren berreskurapenaren alde egindako lanarengatik.

Presioa sentitzen duzue? Mònica Terribas kazetariak, adibidez, kritika gogorrak jaso ditu.
Presioaz gain, ultren hiru manifestazio jasan ditugu irratiaren atean. Joan zen barikuan sarrerako atea eta kristalak hautsi zizkiguten, eta sartu edo irten ezinik egon ginen ordubete, manifestariak kanpoan zeudelako. Langileei esan diedana da gure jarrera eredugarria izan behar dela gure lanarekiko ikuspegia ez delako aldatu. Ez dugu autozentsurarik egin. Alderantziz, geroz eta despliege informatibo handiagoak egiten ari gara Katalunian gertatzen ari den guztia kontatzeko, eta horren adibide argia da kontsumo digitalak izan duen igoera. Centro d’Estudis de o’Pinioren inkestaren arabera, 8 puntu igo ditugu katalanek informazioa kontsumitzeko aukeratzen duten hedabideen preferentziei dagokienez. Beraz, Catalunia Radio eta Catalunya Informació kanal informatibo oso destakatuak dira katalanen artean. Horrek erakuste du ondo ari garela lan egiten, eta eraso hauek ez digutela eragin. 

Azken erasoaren aurrean salaketa jarri duzue?
Bai, Mossoetan salaketa jarri dugu eta espero dugu behintzat kalteak eragin zituzten pertsonak identifikatzeko balio izatea.

155aren aplikazioan hedabideak kanpoan gelditu dira azkenean. Gai honen inguruan, zein irakurketa egiten duzue?
Politikoki ez naiz posizionatuko. Baina, argi dago testuinguru honetan gu ez garela hain erosoak botere zehatz batzuentzat. 155a aplikatzea modu bat izan zitekeen Kataluniako errealitatea ikusteko modu bat isilarazteko. Komunikabiderik gehienek modu batean informatzen dute eta posizio zehatz eta errespetagarri bat dute. Bizi dugun garai honetan, Kataluniako hedabide publikook kalean bizi den hori guztia isilarazi ezin duen ikuspegi edo trataera bat dugu.

Kritikez gain, babesa ere jaso duzue. Zelan jaso dituzue?
Sentsazio arraroa da. Ematen du gure historiako egoera tentso eta gogorrena bizi behar izan dugula ikusteko audientziak eta herritarrek ondo baloratzen eta estimatzen gaituztela, eta ikusteko Kataluniako beste hedabideetako profesionalek emandako errekonozimendu eta babesa. Era berean, hedabide guztietako kazetariek eta alderdietako ordezkariek modu diskretuan babesa eman digute 155aren aplikazioaren aurrean.

Kazetaritzaren ikuspuntutik sasoi garrantzitsu batean lan egitea tokatu zaizue. Erredakzioetan adrenalina handia egongo da. Zelan bizi duzue hori eguneroko lanean?
Intentsitate handiagaz. Ematen du orain dela urte batzuk aste batean edo hilabete batean gertatzen zena baino gehiago gertatzen dela egun batean. Testuingurutik atera gabe interpretatu beharreko berbak dira. Hedabideen historian sekula ez dugu hainbeste erreminta eta kanal izan. Aldi berean, sekula ez gara kritikara, presiora eta herritarren erantzunera hain lotuta egon. Era berean, ez dugu inoiz hain intentsitate politiko handirik izan. Apasionantea da.

Informazio eta desinformazio handia al dago? Sare sozialek indar handia hartu dute.
Hedabide tradizionalak ez garela hain garrantzitsuak esaten den sasoian, testuinguru honetan,tesi hori desmuntatu egiten da. Ezohiko egoeretan hedabide trazionalak inoiz baino baliagarriagoak eta beharrezkoagoak gara. Bateragarriak gara sareekin, baina hedabideon aldetik, jerarkizazio eta irizpidea markatzea beharrezkoa da. Zarata eta parte-hartzea handia da eta, ildo horretan, hedabideon lana inoiz baino inportanteagoa da.

Abendurako deitzekoak diren hauteskundeak izango dira irtenbidea?
Ez, hauteskunde hauek momentuko tentsioa jaisteko balio dezaketela uste dut. Baina, auzi politiko-instituzionala ez dut uste hauteskundeekin konponduko denik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!