Otxandioko lapurretei amaiera jartzea “lehentasuna” da Ertzaintzarentzat

Anboto 2017ko urt. 31a, 10:30

Atzo tabernari eta ostalariekin batu ziren ertzainak. Herrian gertatutako lapurretak argitzeko hainbat ikerketa irekita dituztela azaldu zuten.

Otxandioko 20 bat ostalari eta udal ordezkariak ertzainekin batu ziren atzo kultur etxean egindako batzar ireki batean. Hiru ertzain joan ziren azalpenak ematera, tartean Durangoko ertzain etxeko burua. Urtzi Armendariz alkateak azaldu duenez Otxandion gertatzen ari dena“egoera atipikoa zela onartu zuten, inoiz ez dutela antzerakorik ikusi”. Esaterako, atzo emandako datu baten arabera, iaz 13 bider joan ziren Otxandiora lapurretengatik eta aldi bakoitzeko hiru-lau lapurreta izan ziren.

Egoera horren aurrean, “pazientzia eta konfiantza” eskatu zuten Armendarizek gogoratu duenez. “Hainbat ikerketa irekita dituztela azaldu zuten eta Otxandioko lapurretekin amaitzea euren lehentasuna dela, helburu nagusi moduan dutela. Epe jakin barik, baina berandu baino lehen emaitzen bat izatea espero dutela esan zuten”.

Danoena tabernako Javi Axpe izan zen atzoko batzarrean egon zenetako bat. Azken bost hileetan hiru bider sartu dira tabernara eta beste saiakera bi ere egin dituzte lapurrek. “Ikerketak irekita dituztela esan zuten eta lehentasuna zela eurentzako. Esaten zuten moduagatik, zerbaiten atzetik badabiltzanaren itxura hartu nuen. Konfiantza zutela zirudien. Baina ez dakit, momentuz zain geratuko gara eta ikusiko dugu”.

Azalpenak emateaz gainera, ertzainek bertaratu zirenen kexak ere entzun behar izan zituzten. Lapurretei amaiera jartzeko orain arte egindako lana ezbaian jarri zuten hainbatek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!