Lapurreten aurrean zaintza handitzeko eskatu dio udalak Ertzaintzari

Anboto 2016ko mai. 17a, 10:05

Iazko urte amaieratik hona lapurreta asko izan dira Otxandioko denda, taberna eta pisuetan. Otsail eta martxo bueltan eman ziren horietako asko. Horregatik, udalak ekintza plan bat eskatu dio Ertzaintzari.

Eskualdeko koordinazioari begira, Durangoko ertzain etxeak Durangaldeko herrietako ordezkariekin —alkateak, normalean— egin ohi duen foroan egin zien eskaera Urtzi Armendariz alkateak. “Guk kamerak jartzea proposatu genuen, baina horrelako zerbait ezingo zela legeztatu erantzun ziguten”, adierazi du. “Orduan, ekintza plan bat eta herrian presentzia areagotzea eskatu genien”. Momentuz, ez dute erantzunik jaso.

Udalak ez du lapurreta kopuruaren erregistrorik, Ertzaintzak daraman kontua delako: “Kopururik ez dakigu, baina hainbat izan dira, eta epealdi batzuetan astero-astero”. Artekaleko hainbat tabernatan sartu dira lapurrak, eta baita pisuetan ere.

Esaterako, Koska tabernan birritan lapurtu zuten urtarril eta otsail bueltan: “Bietan dirua eraman dute kutxa erregistratzailetik. Orain altzairuzko kaxa batekin babestuta dago. Atea ere aldatu beharra egon da”, adierazi du Manu Guerrerok.

Lapurreta ospatzeko, ardoa
Yago Diego Artekaleko arraindegi bateko jabeak txoko txiki bat dauka lurzati baten ondoan, Samartoin. Han ez du baliozko ezer gordetzen, baina lapurrak birritan sartu zaizkio bertara. Eta ez laban-joko bat ostera bakarrik. Lehenengoan, ardo botila bat zabaldu eta handik edan zuten; bigarrenean, JB whisky botilari heldu zioten. Lapurreta egin aurretik joan ziren indarrak hartzera, ala ostean ospatzera? Bietan horma baten gainetik salto eginda sartu ziren: “Ez dut baliozko ezer gordetzen han, eta sarrailarik ere ez du ateak. Giltzaz itxita apurtu egingo lidakete, eta orduan gastu bikoitza”, dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!