Lapurreten aurrean, protokolo bat adosteko batzarra egingo dute

Joseba Derteano 2016ko abe. 20a, 11:30

Urrian eta azaroan lapurreta kasuen gorakada bat eman da Otxandion. “Tabernetan sartu dira, eta etxe partikularretan sartzeko saiakerak egin dituzte”, azaldu du Urtzi Armendariz alkateak. Horren aurrean, bilera bat prestatzen ari da udala.

Batzar horretan ostalariak, tabernariak eta Ertzaintzako ordezkariak egongo dira, eta lapurretei aurre egiteko protokolo eraginkor bat zehaztea izango da helburuetako bat. “Oraindik ez dago eguna zehaztuta, baina urtea amaitu aurretik izan dadin saiatuko gara. Urtea amaitu orduko ezin bada, datorren urtean izango da, baina batzar hori egingo dugu”, segurtatu du alkateak.

“Egoera ez da hobetu”
Lapurretak ez dira berriak herrian. Aurtengo lehenengo hilabeteetan ere hainbat kasu izan ziren, eta horren aurrean neurriak hartzeko eskatu zion udalak Ertzaintzari. Honek zaintza areagotuko zuela erantzun zien. Ertzainen patruila bat ibiltzen da kaleak zaintzen, Armendarizek onartu duenez, baina ez du uste arazoari aurre egiteko eraginkorra denik. “Lapurretek jarraitu dute, egoera ez da hobetu. Guk dugun sentsazioa da lapurreta kasuak handitu edo gutxitzen direla lapurrek euren gura dutenaren arabera, eta ez Ertzaintzaren neurriengatik. Urte hasieran geneukan ezinegon bera dugu urte amaiera honetan ere”, gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!