“Bizitakoak gure ideietan berresteko indar gehiago ematen digu”

Anboto 2015ko ira. 18a, 09:00

Amaiur Lopez de la Calle, Miren Soloeta eta Aitor Uribe eguaztenean Otxandiora heldu zirenean

Asier Duran, Amaiur Lopez de La Calle, Miren Soloeta eta Aitor Uribe eguazten iluntzean heldu ziren Otxandiora. Plaza bete jendek ongietorria egin zien. Senitarteko eta lagunekin egon ostean, Duranek etxera joan behar izan zuen oso nekatuta zegoelako. Urtzi Armendariz alkateak gaia kanpotik zelan bizi izan zen azaldu zien gainerako hirurei: Gaztetxeko miaketa, udalbatzarrean aho batez onartutako mozioa, atxiloketak salatzeko egindako manifestazioan batutako jendetza… Horren ostean, hirurek egoera barrutik zelan bizi izan zuten azaldu zioten Anbotori.

Zelan eman ziren atxiloketak?

Aitor Uribe: Ni atxilotu ninduten lehenengo. Otxandiotik kilometro bira bizi naiz eta tarte hori iluna da gauez, kale argi barik. Hor nindoan, lanera bidean, 05:50 inguru zen eta atzetik auto bat jarraitzen hasi zitzaidan. Ondoren, aurrean beste auto bat bidean gurutzatu zitzaidan. Jaisteko esan zidaten. Lehen momentuan Guardia Zibil batek pistolaz apuntatu ninduen eta ondoren gorde egin zuen. Eskuburdinak jarri zizkidaten. Autoa interbenituta zegoela esan eta mugikorra eta gainerakoak kendu zizkidaten. Handik Gasteizko Guardia Zibilaren kuartelera eraman ninduten eta ondoren gaztetxera ekarri. Jasotako tratua egokia izan zen.

Miren Soloeta: Jasotako traturena… zuzena dela diogu badakigulako herri honetan zer bizi izan den batez be Guardia Zibilaren eskutik. Torturarik ez dugu jaso, baina atxiloketa bat gogorra da berez. Uneoro burua beherantza duzu, oihuka berba egiten dizute, ez dute informazio argirik ematen… gogorra da berez. Atxiloketari buruz, ume bi ditut eta 08:50ean eskolara bidean gindoazen beste guraso eta ume batzuekin. Banekien beste hirurak atxilotu zituztela. Hiru pertsona kaleko jantzita hurreratu, izena galdetu,  bazter batera mugitu eta atxilotu ninduten. Umeen aurrean izan zen. Ni ez ninduten kuartelera eraman, hemen inguruan bueltaka ibili ginen autoagaz.

A.U.: Gasteiztik hona gentozela, Gaztetxera heldu aurretik hilerrian geratu ginen eta uste dut barrura sartu zirela. Han urtero omenaldi bat egiten zaio Lutxiri (Urigoitia) eta ez dakit zertan ibili ziren, baina  zerbaitetan bai. Nik ez nuen ikusi ez nindutelako kotxetik atera.

M. S.: Gu ere hilerrian izan ginen.

Amaiur Lopez de la Calle: Asier (Duran) Iurretan atxilotu zutela jakitean, laguna dudan heinean, bere etxera joan nintzen korrika —gertu bizi da— banekielako miaketa egin zezaketela. Han itxaroten nengoela, auto bat arin errepidean erdi gurutzatu zen. Izena galdetu, atxilotuta nengoela adierazi, besotik heldu eta tiraka kotxera sartu ninduten. Une horretan nebarekin mugikorraz berbetan nenbilen, Asierreri abokatua kudeatu nahian eta lagunak informatzen. Mugikorra kendu zidaten, baina ez zuten itzali eta nebak hasierako minutuak entzun zituen. Irten arte ez dut jakin nire nebak dena entzun zuela telefonoz. Une tentsoa izan zen eta bat-batekoa. Etxetik Asierren etxera korrika irten nintzenez, nire ustez horrek deskolokatu egin zituen Guardia Zibilak eta urduri etorri ziren. Urduri beraiek eta urduri ni. Kotxean komunikatuta nengoen edo ez jakitea zen nire kezka. Behin eta berriz galdetu nien, baina ez zidaten esaten. Eta badakigu iraganean zelako egoerak jasan izan dituen jendeak Guardia Zibilaren eskuetan. Gasteizera heltzean mediku azterketarik nahi nuen galdetu zidaten eta nik nire egoera zein zen ez nekienez, egitea erabaki nuen, nire orduko egoeraren konstantzia bat egon zedin, badaezpada. Hori izan zen dena. Badakit kontu honen gainean nahasmena egon dela bertsioetan eta horregatik argitu gura dut.

 

Aitor eta Miren, zuek Gaztetxeko miaketan izan zineten Asierregaz batera.

M.S.: Durangoko epaitegiko idazkari batek dena apuntatu zuen. Guardia Zibil asko zeuden. Guk lekuko izan behar genuela esan ziguten eta gelaz gela eraman gintuzten. 

A.U.: Azpimarratu nahi dut Gaztetxe ondoan hainbat eta hainbat herritar ikusi genituela gure aldeko oihuekin eta horrek kriston indarra eman zigula.

 

Eta Madrilen?

A.U.: Banan-banan mediku azterketak egin zizkiguten. Ondoren, berriz kalabozora. Gauez lasai lo egin ahal izan genuen. Urduritasunak eta zalantzek eraginda Audientzia Nazionaleko goiza oso luzea egin zitzaidan. 

A.L.C: Laburbilduz, egun horretan egin zena oroimenerako ekitaldi bat zela esan genuen deklarazioan eta argitu gabeko kontuak daudela Luziaren heriotzaren inguruan eta hori argitu zedin eskatzeko modu bat zela. Eta lotsagarria iruditzen zitzaidala deklarazioa hartzera eramateko gure herri eta ingurutik goizaldean eta baldintza horietan eraman izana eta ez nuela gehiago erantzungo.

A.U. /M.S.: Bai, guk ere ildo beretik erantzun genuen.

 

Abokaturekin egon zineten? Komunikatuta egon zineten?

M.S.: Martitzen gauean bi-hiru minutu egon ginen abokatuagaz bakarrik hurrengo eguneko deklarazioa prestatzeko.

A.L.C.: Laburra izan zen. Ez nuke esango hiru minutura heldu zenik.

A.U.: Gauzak hain arin gertatu ziren abokatuak ez zuela denborarik izan autoa irakurtzeko, beraz ezta gure defentsa prestatzeko ere.

A.L.C.: Komunikatuta genduenez, polizia deklarazioa egitean abokatua presente izan zen. Abokatuarekin egon ginen unea horixe izan zen. Guk deklarazio hori egiteari uko egin genion. Ostean tartetxo bat izan genuen abokatuagaz. Abokatuaren hurrengo hartuemana Audientzia Nazionalean izan zen. Senide eta lagunekin ez dugu hartuemanik izan.

 

Bizitakoak zer gogoeta uzten dizue?

M.S.: Estatuaren indarra gain-gainean sentitu dut. Zer hausnarketa? Ez dugula hainbesteko kalterik egin horrelako erantzuna jasotzeko. Oso injustoa izan da. Egun hauetan gertatu den guztiak ez dauka inongo zentzurik.

A.L.C.: Estatuak errepresiorako eta isilarazteko erabiltzen duen bide bat pertsonalki bizi izan dut. Euskal Herriko errealitate bat isilarazi eta ezabatzeko helburuz erabiltzen duen beste baliabide bat da. Egoera honek eta bizitakoak hein batean indar gehiago ematen digu gure ideietan berresteko. Beti jakin dut injustizia bat dela, baina orain berretsi egiten naiz. Kalabozoan egondako uneak gogoratzean, toki beretik zenbat jende eta zein egoeretan pasatu den pentsatzen duzu. Ez dugu torturarik bizi izan, Euskal Herriko beste jende askok bizi izan dituzten moduan, baina egoera zaila izan da, zure ingurutik eta maite duzun jendearengandik eramaten zaituztelako. Guztiz txiki sentiarazten zaituzte, uneoro zu behetik eta eurak gainetik daudela. Senideak kanpoan zelan dauden eta zer pentsatzen dabiltzan galdetzen diozu zeure buruari. Gogorra da norberarentzat zein kanpoan daudenentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!