Otxandioko Gaztetxea: "Gure lan, ilusio eta proiektuak publikoki eta modu askean burutzen jarraituko dugu"

Anboto 2015ko ira. 16a, 19:32

Otxandioko Gaztetxearen aurrean eskainitako prentsaurrekoa herritarrez inguratuta

Otxandioko Gaztetxeko erabiltzaileek prentsaurrekoa eskaini dute atzoko atxiloketen eta ondoren Guardia Zibilak Gaztetxean egindako miaketaren harira.

Lehenik eta behin "une latz hauetan aupada eta besarkadarik beroena" helarazi nahi izan diete atzoko lau atxilotuei. Atxiloketak "funtsik gabekoak" iruditzen zaizkie eta Gaztetxeko miaketa "lekuz kanpokoa": "Komunikabideek sorturiko zirku mediatiko honen baitan, Gaztetxearen miaketaren ostean, ez dute inongo materialik eraman", azpimarratu dute.

Gaztetxea "urteetako lanaren eta sakrifizioaren ondoren sorturiko gune askea" dela azaldu dute eta ondorioz ez dutela "kriminalizaziorik" onartuko: "Are gehiago, gaur hemen bildutako guztiok, herrigintzan gabiltzanok, altxor hau babestu eta erabiltzen jarraituko dugu. Gure lan, ilusio, grina eta proiektu denak inongo konplexu barik, publikoki eta modu askean burutzen jarraituko dugu, sinesten dugun eredua eraikitzeko asmoz". Gaztetxeak ateak "zabal-zabalik" dituela adierazi dute.

Azkenik, hurrengo egunetan egingo diren ekintzetan zein ostiraleko mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!