"Garai batean, pilotarien praka zuriek Athleticen kamisetak baino ilusio handiagoa egiten zien umeei"

Joseba Derteano

Ricardo Inzunza, Mañariko frontoiaren aurrean.

Mañariko pilotalekuak Cafés Baqué Pilota Txapelketaren 39. aldiko finalak hartuko ditu gaur, 18:30ean. Ricardo Inzunza (Mañaria, 1953) txapelketaren sortzaileetariko bat da eta sari banaketan parte hartuko du. Esku pilota barru-barrutik bizi du, bai profesionalena bai afizionatuena, eta kirol horren bilakaeraren lekuko izan da urte luzez.

Zelan sortu zenuten Cafés Baqué txapelketa?
Jesus Garcia-Ariñoren, Patxi Salterainen eta hiruron artean sortu genuen, 1986an. Abadiñon, Atxondon eta Mañarian jokatzen zen orduan, eta gerora Iurreta batu zen. Hirurok Bizkaiko Pilota Federazioan geunden eta Cafés Baqueko Txetxu Baquek proposatu zigun sortzea. Horrela hasi ginen eta txapelketak arrakasta handia izan zuen; txapelketarik inportanteena zen. Pilotaririk onenak etortzen ziren eta frontoiak bete egiten ziren. Herri askotako zaleak batzen ziren, ikusgarria zen. Patxi Eugik, Miguel Capellanek eta Oier Zearrak jokatu zuten, besteak beste. 

Afizionatuetako pilotak indar handia zuen orduan.
Bai, eta pilota eskolek ere bai. 1980ko eta 90eko hamarkadetan, umeei praka zuriak jantzi eta frontoian aritzeak ilusio handiagoa egiten zien Athleticen kamiseta jantzi eta futbolean ibiltzeak baino. Mañarian ez zegoen gazte bat praka zuririk ez zeukana. Gerora, pilota indarra galtzen joan da. 

Zergaitik izan daiteke?
Orduan, egunkari guztietako kazetariak etortzen ziren eta afizionatuetako pilotak orri asko betetzen zuen. Orain enteratu ere ez zara egiten herri arteko partiduak noiz diren. Komunikabideetatik arazo handi bat ikusten dut, eta instituzioen partetik ere bai. Begira zelan egon den zesta-punta, behea jota, eta begira zelan eman dioten buelta. Pilotak gora egin du Gipuzkoan eta Nafarroan, baina Bizkaian asko jaitsi da zaletasuna. Txapelketa kopurua ere bai. Mallabiko Biharko Izarrak indartsu dago, Zaldibarren Olazar dugu, berbagai dugun Cafés Baqué ere martxan da, Lezamako txapelketa, baina gutxi gehiago. Lehen, askoz gehiago zegoen. 

90eko hamarkadan, afizionatuetan pilotariren batek bereziki deitu zuen zure arreta?
Pilotari bat azpimarratuko nuke: Pablo Berasaluze. Baina, afizionatuetan baino gehiago, gerora egin zuen bideagaitik. Umea zela, galdetzen zidaten zergaitik ez nuen Pablo hautatzen; bera baino hobeak zeudela esaten nien. Baina 18-19 urtegaz salto handia egin zuen, garapen itzela izan zuen, eta begira zelan nabarmendu zen profesionaletan. 90eko hamarkadan Bizkaian pilotari on asko zegoen afizionatuetan. Patxi Eugi ez zen haiek baino hobea. Baina gero, profesionaletarako saltoa ematerakoan, Eugik maila handia erakutsi zuen eta beste haiek bidean geratu ziren. 

Pilota partidu asko ikusten duzu gaur egun? 
Bizkaia frontoira ahal dudan guztietan joaten naiz. Gernikara ere joaten naiz, zesta-punta ikustera, eta pala ere gogoko dut. Dena gustatzen zait, baina batez ere esku pilota gustatzen zait. Afizionatuetako zenbat partidu ikusi dudan neuk ere ez dakit. Cafés Baqué txapelketakoak bakarrik kontuan hartuta, ehunka izango ziren. Munduko txapelketa ere jarraitu nuen. 

Zelako ilusioa egin zizun Euskal Pilota Selekzioak ofizialtasuna lortzeak?
Itzela! Negar ere egin nuen, ilusioaren ilusioz. Murgiondok, Euskal Herriko federazioko lehenengo presidenteak, 1983an edo 1984an hauxe esan zidan: "Ofizialtasuna etorriko zaigu, eta denbora gutxi barru pilotariek txistu-danbolin doinuan desfilatuko dute". Begira zenbat urte joan diren harrezkero.

Hamarkada batez Bizkaiko Pilota Federazioan egon zinen, Bizkaia indartsu zebilen sasoian. Zein garaipen gogoratzen duzu bereziki? 
Munduko txapelketagaz lotura duen bat kontatuko dizut. Oraindino Karmelo Ariznabarreta pilotari profesionala izanak gogoratzen dit ikusten dudan bakoitzean. Ameriketako Estatu Batuetan munduko txapelketa jokatu zen. Ni Bizkaiko hautatzailea nintzen orduan. Espainiako hautatzaileari galdetu nion ea Bizkaiko zenbat eramango zituen, eta igual baten bat eramango zuela esan zidan, baina ez zuela jokatuko. Bera nafarra zen eta nafarrak eraman zituen. Finala galdu egin zuten Frantziaren aurka. Handik hiru astera, Baionara joan ginen: Bizkaia Iparralderen aurka. Iparraldekoak Frantziagaz munduko txapeldun geratutakoak ziren. Guk Lejardi eta Bazeta eraman genituen binakakora, biak berriztarrak, eta buruz buru Ariznabarreta. Partidu biak irabazi genizkien. Kazetari batek deitu zidan emaitza jakiteko, eta ez zuen sinesten. 

Gaztetan pilotari izandakoa zara?
Bai, herri artekoak-eta jokatu ditut. Ez naiz pilotari destakatua izan, inondik inora, baina afizio ikusgarria izan dut, inork baino handiagoa. Retegi II.ak ez zuen nik beste ordu sartuko frontoian! Horregaitik sortu nuen Mañariko esku pilota eskola. 

Noiz izan zen? 
1980 inguruan. Mañarian sekulako afizioa zegoen pilotan. Zer polita zen umeak praka zuriak jantzita frontoian ikustea. Orduan frontoi irekia zegoen. Partiduak jokatu behar zirela eta frontoia zikin zegoela? Umeek eskoba bana hartu eta frontoia garbitzen zuten. Euria zenean, Izurtzakora joaten ginen. Gaur egun edozein herritan sekulako azpiegiturak daude, frontoi ederrak, eta sarritan umeak futbolean ikusten ditut. 

Jakingo zenuke bizitzen pilotarik barik? 
Aipatu ere ez horrelakorik! Atzena litzateke. Pilota sakratua da. Jende asko etortzen zait txapelketei buruz galdezka eta gustura aritzen naiz.

Hiru txapel jokoan

Hileetako lehiaren ondoren, Mañariko finaletan hiru txapel egongo dira jokoan. Emakumeetan Aiala Uriartek eta Onintza Galdosek neurtuko dituzte indarrak. Mutilen kadete mailan Gotzon Erkiagaren eta Aiur Ugartemendiaren artean dago txapela. Gazte mailan Zornotzako Lagun Onak taldean dabilen Izkander Torralbak  Aurrera taldeko Haritz Etxabe izango du aurkari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!