Hilabete biko ibilbidearen ostean, heldu da 39. Etorkizuneko Pilotarien Cafés Baqué Txapelketako txapeldunak erabakitzeko ordua. Finalak bariku honetan, 18:30ean, jokatuko dira, Mañariko frontoian.
Gaur arratsaldean aurkeztu dituzte finalak, Cafés Baqué-ren egoitzan. Hantxe egon dira sei protagonistak. Euretako batek, Izkander Torralbak, lotura handia du eskualdearekin. Igorrekoa den arren, bost urte daramatza Zornotzako Lagun Onak pilota taldean. Umetan Igorreko pilota eskolan aritu zen, Imanol Agirre pilotari ohiarekin. Handik Dimara joan zen eta, ondoren, Zornotzara. "Lagun Onaken oso gustura nago. Lagun itzelak egin ditut eta klub handia da", adierazi du.
Torralbak gazte mailako finala jokatuko du. Haritz Etxabe (Bergara, 2008) izango du aurkari. Bien arteko lehiak badu aurrekari bat. GRABNI txapelketan elkarren kontra jokatu zuten urte hasieran, eta Etxabe nagusitu zen hirugarren seteko desenpatean. "Orduan eskuetatik txarto nengoen. Barikuan beste gauza izatea espero dut. Beste mentalitate bategaz nator, ez diot ezeri beldurrik eta gustura jokatuko dut finala. Partidu parekatua izango dela uste dut", adierazi du 18 urteko aurrelariak.
Final horren aurretik beste bi jokatuko dira. Emakumeetan Aiala Uriartek (Lezama, 2008) eta Onintza Galdosek (Aulesti, 2010) neurtuko dituzte indarrak. Mutilen kadete mailan, berriz, Gotzon Erkiagak (Zeanuri, 2011) Aiur Ugartemendiaren (Leitza, 2010) aurka jokatuko du.
Bizkaiko Pilota Federazioko presidentea den Iñigo Aurtenetxek Cafés Baqué txapelketaren ibilbidea balioan jarri du, "final orekatuak" desiratu ditu eta pilotariei gozatu dezatela opatu die.
Izkander Torralba, finalen aurkezpenean.