Mikel Bizkarrak txirrindularitza profesionala utziko du

Anboto

Txirrindulari mañariarrak 15 urteko ibilbideari amaiera emango diola iragarri du sare sozialetan.

Urte hasieran ANBOTOri eskainitako elkarrizketan aurtengoa bere azken denboraldia izan zitekeela aurreratu zuen eta azkenean halaxe izan da. Mikel Bizkarra txirrindulariak (Mañaria, 1989) txirrindularitza profesionala utziko du. Zehazki, gaur lehiatuko den Veneton Classic izango du bere azken lasterketa. Horixe iragarri du sare sozialetan, 15 urteko ibilbideari amaiera emango dion mezu bat argitaratuta. "Txikitako ametsaren amaiera" dela adierazi du, eta urte hauetan guztietan lagundu dioten guztiei "eskerrak" eman dizkie. "Eskerrik asko, benetan, urte guzti hauetan modu batera edo beste batera lagundu didazuen denoi, familiari, lagunei eta nola ez, Euskaltel Fundazioa eta Euskaltel Team osoari. Eskerrik asko baita Arratiako ziklista elkarteari, Gomur taldeari eta Murias taldeari, zuek gabe ezinezkoa izango zen momentu honetara iristea eta". Azkenik, txirrindulari izaten jarraituko duela azaldu du, "baina orain beste modu batera".

15 urteko ibilbidea
Mikel Bizkarrak 15 urteko ibilbidea egin du txirrindularitza profesionalean. Urte horietan, hainbat taldetan lehiatu da, besteak beste, Muriasen eta Euskadi Fundazioaren egituretan, eta azken urteetan Euskaltel-Euskadiko elastikoa defendatu du. 

Ibilbideko emaitzarik aipagarrienen artean dago 2018ko Aragoiko Itzulian lortutako etapa garaipena. Itzuli hura bigarren amaitu eta mendiko sailkapena irabazi zuen. Bost bider parte hartu du Espainiako Itzulian eta 2018an lortutako 17.a da sailkapen nagusiko posturik onena. Beste postu azpimarragarri batzuk 2022an Asturiasko Itzulian, 2024an Portugalgo Itzulian  eta 2026an Turkiako Itzulian lortutako laugarren, bosgarren eta zazpigarren postuak dira, hurrenez hurren.

Bizkarra eskalatzaile petoa izan da eta Aragoiko Itzulian ez ezik, Valentziako Itzulian (2024an) eta La Route d'Occitanie-n (2025ean) ere mendiko sailkapenak irabazi zituen. 

 

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Mikel Bizkarra Etxegibel (@bizkarrita)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!