"Nire bizimoduagaz erraza egiten zait ziklismoak eskatzen duena eramatea"

Joseba Derteano 2026ko otsailaren 14a

Mikel Bizkarra ziklista mañariarrak hamabosgarren denboraldia hasi berri du errepidean. Bere esperientzia zabala eta kalitatea talde laranjaren zerbitzura ipiniko ditu beste behin ere. Erretiroa zalantzan du

Taldearen aurtengo enfokea lasterketarik lasterketa joatea izango dela dio: "Lasterketa bakoitza helburu bat izango da". Horrela bete gura dituzte helburuak. Taldea maila onean ikusi du denboraldi hasiera honetan. Bere etorkizunari buruz galdetuta, 37 urteko mañariarrak aurten amaitzen du kontratua eta denboraldi amaieran erabakiko du zer egin, urtean zehar sentitutako sentsazioei kasu eginda. 

Denboraldia hasiberria da, baina dagoeneko ibili zara lasterketa batzuetan. Zelan joan dira?
Denboraldiaurrean dena oso ondo joan zen, ezin hobeto. Hiru astez Sierra Nevadan kontzentratuta egon nintzen, eta, gero, beste hamar egunean Altean. Denboraldia ere ondo hasi nuen: Castelloko klasikoan ihes eginda ibili eta gustura sentitu nintzen. Baina hurrengo hitzorduan, Mallorcako Tramuntana klasikoan, birus indartsu batek harrapatu eta oso ahulduta utzi ninduen: gogo txarra, botaka… Valentziako Itzulira justu-justuan heldu nintzen eta apurka joan naiz errekuperatzen.

Aurtengo taldean dagoen izen berri bat Jonathan Lastra da. Zer eman diezaioke taldeari?
Jonathanek oso emaitza onak lortu zituen Caja Ruralen egon zenean. Lehiatzeko askatasuna zuen eta edozein ibilbidetan oso ona dela erakutsi zuen. Gero, Cofidisen, beste lan bat egitea egokitu zaio, baina oso maila onean ibili da. Esperientzia horregaz batu da taldera. Badakigu maila ona duela eta seguru nago emaitza onak lortuko dituela. Ilusioz ikusten zaio, gustura dago hemen eta gauzak oso ondo joango zaizkiola uste dut. 

Zeintzuk dira zure helburuak eta taldearenak aurten?
Helburuak berdinak dira biontzat. Ahalik eta mailarik onena ematea lasterketa guztietan, bai taldea bai ni erregularrak izatea, eta ahalik eta emaitzarik onenak lortzea. Gauza dezente gertatu zaigu hasiera honetan: Mallorcan talde erdiak birus bera hartu zuen, Valentzian Txomin Juaristik klabikula apurtu zuen erori batean… Baina taldea ondo ibili dela eta nahiko emaitza onak lortu ditugula esango nuke.

Itzulia izango duzue hitzordu nagusia?
Bai. Etxeko lasterketa da, afizioa bide ertzean animatzen… Tourrera joatearen modukoa da. Itzulia beti izaten da berezia.

Taldeak urte bi daramatza Vueltan parte hartu barik. Zer falta zaio taldeari halako gonbidapen bat lortzeko?
Iaz ez ginen UCIko rankingean 30 onenen artean sartu. Orduan, hasieratik genekien aurten ere ez ginena Vueltan egongo. Helburu bat, normala denez, 30en artean sartzea da. Aurten karrerarik karrera joango gara eta gauzak ondo badoaz egongo da momentua horretan pentsatzeko. Azken urteetan, hasieratik borroka horretan ibili gara eta gauzak perfekto irteten ez direnean… presio hori hor dago eta gatxago bihurtzen da. Aurten karrera bakoitza helburu bat izango da. Ahalik eta ondoen egin eta gero, hurrengoan pentsatu, horixe izango da enfokea. Gauzak ondo badoaz, borroka horretan egon gaitezkeela uste dut eta ea, ba, aurten lortzen dugun hor sartzea, berriro Vueltara itzultzeko aukera izateko. 

Zuen maila berdinekoa den Caja Rural taldeak gonbidapena jaso du Frantziako Tourrerako. Zer erakusten du horrek zuen moduko taldeentzat?
Caja Rural gure mailako taldea da, baina aurrekontu aldetik-eta ez daukagu zerikusirik. Aurrekontu handiagoa dute. Baina, egia esanda, Caja Ruralek urte asko daramatza txirrindularitzan pausoak ematen, eta amets bat egia bihurtzea lortu dute aurten. Alde horretatik, ispilu bat izan daiteke, apurka-apurka gora eginez horra heldu daitekeela erakusten duena. Badakigu ez dena egun batetik bestera lortzen den gauza bat, baina, denboragaz, gauzak ondo eginda eta ahalik eta emaitzarik onenak lortuta… baliteke aukera hori hor egotea etorkizun batean.

Aurten 38 urte egingo dituzu. Zerk mantentzen zaitu motibatuta?
Gustatu egiten zait egiten dudana. Horixe da garrantzitsuena. Sakrifikatzen denari buruz berba egiten da, baina nire bizimoduagaz erraza egiten zait txirrindularitzak eskatzen duena eramatea, errazagoa da etxetik kanpora denbora ematea. Horrez gainera, entrenamenduak edo garaieran egindako egonaldiak ondo eramaten ditut. Hori bai, lasterketetako estresa geroago eta handiagoa da, korritzeko modua asko aldatu da ni hasi nintzenetik. Hori gehiago kostatzen zait, baina prestakuntzari edo etxetik kanpora egoteari dagokionez, ez dut inongo arazorik.

Noiz arte ikusten duzu zeure burua tropelean?
Ba, ez dakit. Nire kontratua aurten amaitzen da, eta, tira, posible da nire azken urtea izatea, baina ikusiko dugu urtea zelan doan, eta orduan erabakiko dugu. Denboraldia hasi baino ez da egin. Nire hasiera ez da onena izan, birus horregaitik, baina urtea luzea da eta joango gara ikusten nola doan, zer mailatan nagoen eta zelan sentitzen naizen; eta horren arabera erabakiko dut azken urtea den ala jarraitu gura dudan. Kontuan hartu behar da nire hamabosgarren denboraldia dela; urteak dira eta balantza horretan ikusi beharko da gozatzen nabilen, gustura nagoen ala sufrimendua den. Ikusiko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!