Argazki zahar baten atzean istorio bat dago eta baita herri baten memoria ere. Hori berreskuratzeko lanean ari dira egunotan Ursula Donea elkarteko kideak. Atzo goiz goizetik arratsaldera arte herritarrek eramandako argazkiak sailkatzen aritu ziren. 400 irudi baino gehiago sailkatu zituzten, eta oraindik hainbat gutunazal falta zitzaizkien irekitzeko.
Lana XX. mendeko Mañariko argazki zaharrak biltzeko egitasmoaren barruan egiten ari dira. Ursula Donea adinekoen elkarteak eta Gerediaga Elkarteak abiatu dute ekimena, herriko ondare historikoa eta kulturala berreskuratzeko. Gainera, datorren urtean 40. urteurrena beteko du adinekoen elkarteak, eta bildutako materialarekin erakusketa bat antolatzea dute helburu.
Orain arte bildutako material kopuruarekin "oso pozik" badaude ere, nabarmendu dute parte-hartzea pertsona gutxi batzuetara mugatu dela. "Argazki asko jasotzea espero genuen, baina jende gutxiren artean batu ditugu. Orain arte sei bat pertsona etorri dira, eta batek bakarrik 200 argazki ekarri ditu". Horregataik, herritarrak argazkiak eramatera animatu dituzte. "Batzuk uste dute euren argazkiek ez dutela balio, baina ez da horrela. Argazki denek balio berdina dute. Denek balio dute herriko historia eta memoria gordetzeko".
Irudi bakoitzari fitxa bat prestatu diote, eta bertan jasotzen dute argazkiaren testuingurua: non aterata dagoen, noizkoa den… "Ez da beti erraza nongoak eta noizkoak diren esatea; askotan argazkia ekarri duenak ez baitaki", azaldu dute. Argazkietan denetarik ikusi daiteke: familia argazkiak, koadrilenak, dantzariak…
Argazkiek oroitzapenak pizten dituzte eurengan. "Ikusten ditugunean askotan gogoratzen gara argazkiko pertsonak nortzuk ziren, nongoak, edo nortzuk ziren euren gurasoak".
Irudi zaharrak etxean dituzten herritarrek oraindik badute egitasmoan parte hartzeko aukera. Oraindik hiru egunetan eraman daitezke argazkiak Ursula Doneak kultur etxean duen lokalera:
- Gaur, uztailak 22, 11:00etatik 13:00etara.
- Uztailak 24, barikua, 17:00etatik 19:00etara.
- Uztailak 29, eguaztena, 11:00etatik 13:00etara.
Ondoren, Gerediaga Elkarteak argazki guztiak digitalizatuko ditu, eta lana amaitutakoan jatorrizko irudiak jabeei itzuliko zaizkie.