Datorren urtean 40. urteurrena ospatuko du Ursula Donea adinekoen elkarteak, eta proiektu berezi bati ekin nahi diote. Gerediaga Elkartearekin elkarlanean, Mañariko argazki zaharrak bildu eta digitalizatzeko kanpaina bat jarriko dute abian, herriko ondare historiko eta kulturala kontserbatzeko eta zabaltzeko helburuarekin, Gerediaga Elkarteak ohar batean azaldu duenez. Uztailean zehar garatuko dute bilketa, eguaztenetan eta barikuetan.
Horregatik, Mañariko herritarrei XX. mendeko argazki zaharrak biltzen laguntzeko deialdia egin diete. “Pertsonen, familien, auzoen, eskolen, lanen, jaien, gertakarien... irudiak bilatzen ditugu, baita gure herriaren bizitza islatzen duen beste edozein une ere”, adierazi dute lanean ibiliko diren elkarteko kideek oharrean. Argazkiak Gerediaga elkartean digitalizatuko dituzte, eta lana egindakoan jabeei itzuliko zaizkie.
“Gure elkartearentzat hain berezia den urteurren honetan, 40 urte hauek etorkizunera begira ospatu nahi ditugu, baina gaur egun ezagutzen dugun Mañaria eraiki zutenen aztarnak ahaztu gabe”, nabarmendu dute elkarteko ordezkariek.
Noiz eta non entregatu ahal izango dira argazkiak?
Argazkiak Ursula Donea Elkartearen lokalean jasoko dira, uztailaren 1tik 29ra. Bilketa-ordutegia:
- Eguaztenetan (1, 8, 15, 22 eta 29): 11:00etatik 13:00etara.
- Barikuetan (3, 10, 17 eta 24): 17:00etatik 19:00etara.