Joan zen asteburuan, maiatzak 30 eta 31an, Lurraren Zientzietako Entitateen IX. Topaketa Nazionala burutu zen Mañarian. Hontza Museoa Fundazioaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen artean antolatu zuten, Mañariko Udalaren eta Aldundiko Kultura Sailaren babesarekin. Bertara espainiar estatuan sakabanatuta dauden eta Lurraren Zientziekiko interesa duten hainbat elkarte gerturatu ziren, besteak beste Kataluinatik, Alikantetik, Aragoitik, Madrildik eta Murtziatik, guztira 60 bat lagun. Euskal Autonomi Erkidegotik MUFOMI, Luberri eta Harridunak elkarteek parte hartu zuten.
Aranzadi Zientzia Elkarteak ekimenaren balorazio positiboa egin du eta "harremanak sendotzeko" balio izan duela azpimarratu du ohar batean. Oharrean kontatu dutenez, zapatuan goizean goizetik eman zitzaion hasiera topaketari, akreditazioen banaketaren eta Aitziber Areitio Mañariko alkatearen eta Leire Huerta Hontza Museoa Fundazioko zuzendariaren eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Joxeba Larrañagaren agurrarekin. Hontza Museoa Fundazioko presidentea den Enrike Huertaren hitzaldiak eman zion jarraipena, non Hontza museoaren hastapenen eta beraren bilakaeraren nondik norakoez jardun zuen. Ondoren, Asier Gomez eta Monika Villalba doktoreek Neandertalak Euskal Herrian eta Durangaldea hartzen lurra hitzaldiak eskeini zituzten, durangaldean aurkitu diren Ursus spelaeus (kobetako hartza) aztarna ugariei erreferentzia eginez.
Bazkal ostean, Hontza Museora bisita gidatua egiteaz gain, Angurreta harrobira eginiko bisita gidatua eginez eman zitzaion jarraipena egitarauari, Victor Arrizabalaga doktorea, harrobiko arduraduna eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Arantza Aranburu eta Laura Damas doktore geologoen eskutik. Honek, arratsaldearen zatirik handiena eraman arren, partaideek oraindik indarrak izan zituzten bilera bat burutzeko eta horrela, hurrengo urteko topaketaren eta topaketa hauen nondik norakoez, zein Lurraren Zientzien inguruan biltzen diren elkarteen bestelako kezketaz hitz egiteko aukera izan zuten.
Biharamunean berriz, eta Topaketei amaiera emateko, Aranzadi Zientzia Elkarteko geologia saileko Arantxa Bodego doktorearekin batera Urkiolako Parke Naturalean barrena ibilaldia egin zuten, bertako geologiaren bitxikeriak ezagutzeko. Amaiera borobila eman zioten jardunaldiei Urkiolan mokadu bat eginez.