Mañariko Hontza museoak 2.200 bisitaritik gora jaso zituen 2025ean

Anboto 2026ko otsailaren 11

Hontza Museoko irudia (Argazkia: hontzamuseoa.eus)

Museoko arduradunek iazko urtearen balorazio "oso positiboa" egin dute. 

Urte berrira begira lanean dabiltzan bitartean, iazkoaren balantzea egin dute Hontza Museoko arduradunek. 2025a "oso positiboa" izan zela adierazi dute ohar batean. Museoak 2.217 bisitari jaso zituen; horrela, 24.431 bisitara heldu dira, 2014an berriro ireki zenetik hona.

Hiri-nukleo handietatik urrun egon arren, Hontza Museoak "erreferentziazko espazio gisa sendotzen" jarraitzen duela azpimarratu dute. 2025ean, guztira 110 bisita gidatu antolatu ziren, "museoak duen bokazio pedagogikoa indartuz, bereziki hezkuntza-eremuan".

Bisitarien profila askotarikoa izan zen: %44a haurrak, %42 helduak, eta gainerakoa gazte eta adinekoen artean banatu zen. Generoari dagokionez, emakumeen eta gizonen arteko banaketa orekatua izan zen. Jatorriari erreparatuta, bisitarien %91,6 Euskal Autonomia Erkidegokoak izan ziren; horien artean %76,9 Bizkaikoak, %9,6 Gipuzkoakoak eta %4,9 Arabakoak. Halaber, azpimarratzekoa da nazioarteko bisitarien presentzia.

Ikerketa zientifikoa sustatuz
Horrez gainera, 2025ean zehar Hontza Museoak hainbat erakunde eta unibertsitaterekin dituen lankidetza-harremanak sendotzen jarraitu zuen, ikerketa zientifikoa eta prestakuntza sustatzeko helburuarekin. Lankidetza horien emaitza izan ziren museoko funtsak oinarri hartuta garatutako ikerketa-proiektuak, gradu eta master amaierako lanak, doktoretza-ikerketak, baita ikasleen praktikaldien bidez egindako jarduerak ere. 

Erakusketa-jarduerari dagokionez, 'Tresnak eta Natura' aldi baterako erakusketa abiatu zen eta oraindik ikusgai dago, 2026ko irailera arte.

Publikoari zuzendutako jarduerez gain, museoak jarduera zientifiko sendoa garatzen jarraitu du. Gaur egun, Hontza Museoak 50.000 ale inguru gordetzen ditu, horietatik 48.183 informatizatuta, ikerketa eta kontsulta zientifikoa errazteko. Funtsak hamar aretotan banatuta daude. Ondare horri 3.000 ale baino gehiagoko liburutegi espezializatua gehitzen zaio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!