Durangaldeko Kopa erreferentziazko hitzordu bihurtu da korrikalarien artean

Joseba Derteano 2025ko ira. 19a, 09:00

Mendi lasterketek elkarlanean martxan ipini duten ekimen berria bere fruituak ematen dabil. Proben erdiak jokatuta, antolatzaileak gustura daude izan duen harreragaz. Bihar Kopako bosgarren proba lehiatuko dute: Mañaritik Atxetara

Durangaldeko Kopako lau lasterketa lehiatu dira jada eta beste hainbeste geratzen dira aurretik, asteburu honetako Mañaritik Atxetara probagaz hasita. Beraz, aurten martxan ipinitako egitasmoak bide erdia egin du. Apustu berri batek beti ditu bere arriskuak, baina antolatzaileak gustura daude izan duen harreragaz, eta balorazio positiboa egin dute.

Aurten arte lasterketa solteak zirenei gorputz bat eman die Kopak eta zirkuitu moduko batean batu ditu. Horrek interesa piztu du korrikalarien artean, eta horixe zen helburuetariko bat. Interes horren adibide da Sorginen Lasterketako Jon Aranburuk kontatu duen anekdota. "Azken hilean, izen ematea beteta dagoela, hainbatek deitu digute Kopan parte hartzen dabiltzala esateko eta ea tokirik bazegoen galdetzeko. Zoritxarrez, gure lasterketan ez dago tokirik, baina gurearen ondoren Zornotzako Aramotz eta Elorrioko Aldapegora geratuko dira eta haietan parte hartzera animatu ditut. Edozelan ere, istorio honek Kopagazko sortu zen interesa erakusten du", azaldu du. 

Kopagaz edo Koparik barik, Sorginen Lasterketako izen ematea atoan agortzen da urtero, baina ez da hori lasterketa guztien kasua. Esaterako, Zaldu Traileko bigarren aldiak 100 korrikalari batu zituen iaz lasterketa laburra eta luzea kontuan hartuta. Aurten, ostera, 320 parte hartzaile izan dituzte. Beraz, korrikalari kopurua hiru bider halakoa izan da. Neurri batean, antolatzaile talde berriak egindako lan sakonari zor zaio gorakada, baina Koparen eupadak ere bere alea ipini duela uste du Mikel Arroita antolaketa taldeko kideak. "Mallabiko 7Pago, Garaiko Asto Trail eta Berrizko Amaraun lasterketetan parte hartu duen jende asko Zaldu Trailera etorri da Kopan parte hartzera. Batzuek proba laburrean eman dute izena, Koparen barruan ez egonagaitik. Azken batean, Kopak batasun bat eman die lasterketei, zirkuitu moduko bat sortu du. Sentsazio hori dugu. Nik neuk Mallabian ibilbide laburra egin nuen", adierazi du. Gainera, Kopako edukiek sare sozialetan "feedback asko" izan dutela adierazi du.

Lasterketen arrakasta herriko ondasunen garrantzia nabarmentzeko erabili dute herri batzuetan. Esaterako, Mallabian, probaren egunean, Trabakutik ur-jauzietara eta 7 Pagora doazen bideak markatu zituzten, jendeak erraz aurkitu zitzan. Horrez gainera, Mallabian sastragaz estalita zeuden bide asko garbitu dituzte ibilbiderako, eta, horri eskerrak, jende askok paseatzeko erabiltzen ditu orain. 

Kopako beste abantaila bat barrura begirakoa da, hau da, antolakuntzakoa. Denek dena erosi beharrean, materiala parkekatzen dute. "Esaterako, guk bidea markatzeko erabiltzen ditugun banderatxoak utzi dizkiegu Mañaritik Atxetara probako antolatzaileei, eta haiek bidoi batzuk utzi dizkigute anoa-guneetarako. Gero, eskaera batzuk denok batera egin ditugu; korrikalarien poltsak, esaterako. Elkartasuna handitu egin da", adierazi du Aranburuk. 

Mañaritik Atxetara, zapatuan

Kopako hurrengo hitzordua Mañaritik Atxetara da, zapatuan. Iazko lasterketa luzea (43 km), laburra (22 km, Koparako puntuagarria) eta mendi martxa errepikatuko dituzte, eta lasterketa berri bat sortu dute: Untzillaitz Zuzen, Mañaria Untzillatx tontorragaz lotzen duen 2,9 kilometroko bertikala. Proba guztiak kontuan hartuta, 400 bat parte hartzaile izango dituzte. Lasterketen harira, beste hainbat ekintza izango da herrian. Zapatuan bertan, Euskal Herriko Ardi Txakurren Txapelketa egongo da, 18:00etan. Bezperan, barikuan, Eñaut Elorrietak kontzertua emango du elizan, 20:00etan. Sarrera doakoa da, lekuak bete arte. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!