"Gogotsu nago etxeko proba barrutik bizitzeko"

Joseba Derteano 2025ko ira. 19a, 09:00

"Ilusioz beterik eta nerbioso". Holantxik dago Beñat Ormaetxea (Mañaria, 2008) lasterketa bezperan. 22 kilometroko maratoi erdian ibiliko da. Urtebete inguru darama mendiko lasterketetan parte hartzen eta hauxe da orain arte egingo duen probarik luzeena eta gogorrena.

Badator eguna, Beñat!
Bai! Ilusio handiagaz nago eta apur bat nerbioso ere bai, egia esanda. Iaz boluntario lanetan ibili nintzen, antolaketan. Beste lagun batzuekin Larrano inguruan egon nintzen eta han bizitako giroa zoragarria izan zen. Harritu egin ninduen, ez nuelako espero herri txiki batean hain gauza handia sortzerik. Etxeko proba barrutik bizitzea esperientzia ahaztezina izan behar zela pentsatu nuen eta horrela animatu naiz aurten parte hartzera. Gogotsu nago eta ea dortsala ipinita kontua zelan doan. 

Zer helburu duzu?
Mañaritik Atxetara egin dudan lasterketarik gatxenetarikoa da, duen desnibela ikusita. Horregaitik nago apur bat nerbioso. Baina herrian izateak eta lasterketako hainbat puntutan jende ezaguna egongo dela jakiteak animoak ematen dizkit. Momenturik politena helmugaratzea izango da. Helmugaratzear nagoela lagunak ni animatzen irudikatzen ditut eta ilusioa egiten dit. Lasterketagaz gozatzea da nire helburua, ez denbora konkretu bat egitea. Iaz boluntario lanetan ikusi nuena aurten barrutik bizitzea, horixe gura dut. 

Ibilbidea ondo ezagutzea abantaila bat da?
Laguntzen du, bai. Sarritan entrenatu naiz handik, eta badakit indarrak noiz eta non erabili. Bidea ezagutzea beti da interesgarria. Hala ere, antolatzaileek lan bikaina egiten dute bidea markatzen, eta ez da arazorik egoten.

Beste lasterketa batzuekin alderatuta, zelakoa da Mañaritik Atxetara?
Orain arte nik egindakoak baino gogorragoa, hori seguru. Lasterketaren izenak dioen moduan, hatxetatik ibiliko gara eta horrek esan gura du ibilbide teknikoa dela. Ez da joan eta korrika egitea bakarrik. Baina horrek balio erantsi bat ematen dio lasterketari. 

Gustatzen zaizkizu horrelako ibilbideak?
Bai, ondo egokitzen naiz ibilbide teknikoetara. Gustuko dut ibilbide harritsu eta gorabeheratsuetan ibiltzea. Entrenamenduak hemen inguruan eginda, asko hobetzen da teknika.

Durangaldeko Kopan parte hartzen zabiltza?
Ez, parte hartuko dudan eskualdeko lehenengo lasterketa da hau. Baina aurrera begira ez dut baztertzen Kopan parte hartzea. Lasterketa politak geratzen dira aurretik: Sorginen Lasterketa, Aldapegora… Mañarian zelan sentitzen naizen ikusi gura dut lehenengo. Edozelan ere, Durangaldeko Kopa ekimen interesgarria dela uste dut. Sailkapen bat dagoenean jendeak serioago hartzen du kontua eta gehiago animatzen da parte hartzera. Saltsa hori ondo dator eta giro berezia sortzen du.

Aspalditik zabiltza mendian korrika?
Mendian oinez eta bizikletan ibili izan naiz aurretik. Urtebete inguru daramat mendian korrika eta lasterketetan parte hartzen. Lehengusuak animatuta hasi nintzen. Mendaroko Kilimon eta Unda-Armikelo mendi lasterketetan parte hartu dut, beste batzuen artean. Batez ere lasterketa laburrak egin ditut, 13-15 kilometro ingurukoak. Mañaritik Atxetara izango da orain arte egin dudan luzeena. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!