"Herritarrekin gertukoak izaten jarraituko dugu"

Joseba Derteano 2025ko uzt. 4a, 11:00

Aitziber Areitio Mañariko plazan, aginte-makilarekin.

Astebete joan da Aitziber Areitiok Mañariko aginte-makila hartu zuenetik. Alkate kargura egokitzen dabilen unean, talde-lanaren garrantzia eta herritarrekiko gertutasuna azpimarratu ditu, besteak beste, aurrera begira ardatz moduan

Lehen egunetako sentsazioak eta aurrera begirako erronkak azaldu ditu Mañariko alkate berriak. Herriguneaz gainera, auzoak erdigunera ekartzeko lan egiten jarraituko dutela dio.

Zelan joan dira lehenengo egunak? 
Gobernu taldeko kideak eta ni egoera berrira eta udaletxeko martxara egokitzen ari gara. Udal baten egunerokoan kontuan hartzeko gauza asko daude. Gurea udalerri txikia den arren, zereginak anitzak dira, eta erabaki txiki asko hartu behar dira. Nik, gainera, ez dut inolako ordurik liberatuta lan honetarako, eta badakit batzuetan ordu asko eta inplikazio handia eskatuko dizkidana. Beste lan eta konpromisoekin uztartu beharko dut. Eskerrak eman nahi dizkiot gobernu taldeari, babestuta sentitu naizelako; eta eskerrak herritarrei ere bai, euren berotasuna sentitu dudalako. Behar dudanerako hor daudela esan izan didate. Asko eskertzen dudan keinua da, eta erronkari ilusioz heltzeko indarra ematen dit.

Alkate moduan sei urte eman dituen Ainara Otxotorenaren erreleboa hartuko duzu.
Ainararen ekarpena ezinbestekoa izan da, eta bere dedikazioa eta esfortzua baloratzekoak dira. Izan ere, alkate batek egiten duen lana ez da beti begi-bistakoa. Ikusten ez den lan handia dago. Bere lana eta ekarpena hor geratuko dira, eta gu hark markatutako bideari ahalik ondoen segida ematen saiatuko gara

Zerk ezaugarrituko du zure agintaldia?
Herritarrekin gertukoa izaten jarraituko dugu eta udaletxeko atea zabalik egongo da mundu guztiarentzat. Herriguneaz gainera, Mañaria auzoz betetako herria da, eta auzoak ere erdigunera ekartzen jarraituko dugu. Beste ezaugarri bat talde-lana izango da. Herri-mailan hartzen diren erabaki asko ez dira alkatearen iritzian soilik oinarritzen, baizik eta gobernu talde osoaren artean hartzen dira. Horregatik, oso garrantzitsua da taldean lan egitea, erabakiak ahalik aberatsenak izan daitezen.

Zer asmo duzue aurrera begira?
Hirigintzan, martxan dauden proiektuak aurrera eramateko eta berriak abian jartzeko lan egingo dugu. Kultur arloan, eskaintza zabala eskaintzen jarraitzea dugu helburu, azken urteetan bezala. Betiere, herriko eragileek egiten duten lana azpimarratuz, askotan beraiek baitira ekimen askoren motorra eta dinamizatzaile nagusiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!