Ainara Otxotorena Iriartek, azken sei urteetan EH Bilduko Mañariko alkate izan denak, dimisioa aurkeztu du modu formalean alkate gisa. "Karguari uko egitea alkatearen erabaki pertsonala da", zehaztu du EH Bilduk ohar batean. Gaur goizean Mañariko herritarrei zuzendutako gutun ireki batean azaldu duenez, "osasun arazoek eta bestelako arrazoi pertsonalek nabarmen eragin diote alkate lanak behar duen arreta eta dedikazioari".
Datorren ekainaren 23an Otxotorenaren dimisioa gauzatuko da Mañarian aurreikusitako osoko bilkuran. Legeak aurreikusten duen bezala, alkate berria ekainaren 27an egingo den hurrengo osoko bilkuran aukeratuko da. EH Bilduko udal taldeak Aitziber Areitio Iriondo, egungo alkateordea, proposatuko du Ainara Otxotorenaren ordez, oharrak zehazten duenez.
"Zinez eskertu nahi dugu Bizkaiko eta Mañariko EH Bildutik Ainara Otxotorena Iriartek urte hauetan guztietan egindako lan handia, beti ere Mañariaren zerbitzura, bertako bizilagunen zerbitzura, une oro guztion bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Badakigu zein zaila izan zaion bere lana egitea bere egoera pertsonalagatik, eta, horregatik, onena opa nahi diogu behin bere udal-erantzukizunari uko egin dionean", adierazi dute oharrean.
Goizean mañariarrei buzoiz buzoi banatutako agur gutunean, Otxotorenak "eskerrak" eman dizkie udal langile guztiei, urte hauetako lorpenetan egindako lanagatik eta egindako ekarpenagatik.