Aitziber Areitio Iriondok Mañariko alkate kargua hartu du

Anboto 2025ko eka. 27a, 15:18

Eskerrak eman dizkio aurreko alkateari eta agintaldi berria ilusioz hartzen duela adierazi du.

Aitziber Areitio Iriondo da gaurtik aurrera Mañariko alkate berria. Gaur eguerdian egin den osoko bilkuran hartu du kargua, Ainara Otxotorena Iriartek alkate karguari uko egin eta egun batzuk geroago. Otxotorenak azken sei urteetan bete du Mañariko alkatearen ardura, Areitio alkateordea zela.

Bere lehen hitzetan, Areitiok eskerrak eman dizkio aurreko alkateari eta gobernu taldeari, eta agintaldi berria konpromiso handiz hartzen duela adierazi du. “Eskerrik beroenak eman nahi dizkiot Ainara Otxotorenari, azken sei urteetan egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik. Era berean, eskertu nahi dut gobernu talde osoaren babesa eta eguneroko ahalegina. Ilusioz eta arduraz hartu dut alkate kargua, eta nire ahalegin guztia egingo dut mañariarren interesak defendatzen eta herritarren beharrei erantzuten”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!