Ainara Otxotorena Mañariko alkateak dimisioa aurkeztu du

Anboto 2025ko eka. 18a, 09:57

Gaur goizean herritarrei zuzendutako gutunean eman du horren berri.

Ainara Otxotorena Mañariko alkateak bere dimisioa aurkeztu  duela iragarri du sare sozialen bidez. Sei urtez Mañariko alkatea izan da. Herritarrei ondorengo gutun hau helarazi die:

"Sei urtez Mañariko alkate izatearen ardura izan ondoren, une zail honetan alkate kargua uztea erabaki dut. Erabaki pertsonala da, osasun arazoek eta bestelako arrazoi pertsonalek nabarmen eragin diotelako nire alkate lanak behar duen arreta eta dedikazioari.

Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet urte hauetan guztietan nigan jarritako konfiantzagatik. Ohore handia izan da Mañariaren zerbitzura egotea, eta zuekin batera gure herriko bizi kalitatea hobetzeko lan egitea.

Harro nago elkarrekin lortu dugunaz. Herri bizigarriagoa eraikitzeko lan gogorra egin dugu, eta emaitzak hor daude. Eskerrak eman nahi dizkiet bereziki nire gobernu taldeari eta udaleko langile guztiei; haien lanik gabe ezinezkoa izango zen lortutakoa lortzea.

Eta, zelan ez, eskerrik asko Mañariko herritarrei, herri honetako bizitzan aktiboki parte hartzeagatik. Zuen konpromezua eta berotasuna dira Mañaria hain leku berezia bihurtzen dutenak.

Etorkizunerako onena opa dizuet bihotz bihotzez. Ziur nago Mañariak hazten eta aurrera egiten jarraituko duela, nire ondorengoaren gidaritzapean".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!