Inauteriak

Aurten ere Sasiberezi eta bere lagunak protagonista

Joseba Derteano 2025ko ots. 28a, 11:54

Iazkoa estreinaldiaren ondoren, Sasiberezik eta bere lagunek aurten ere Mañariko herrigunea bisitatuko dute karnabaletan.

Zapatu honetan izango da. Kafraga eta Mugarra Ateneo Cinegético elkarteek egun osoko jaia antolatu dute biharko, eta Sasibereziri eta bere lagunei ongietorria egingo diete 18:30ean. Kalerik kale ibiliko dira eta mozolo maltzurrari eta bere jarraitzaileei iskin egitea lortzen badute, Sasiberezik ekarritako esneagaz egindako tostadak jango dituzte herritarrek. Ekimenak harrera ona izan zuen iaz, eta aurten berriro egitea erabaki dute.

Herri bazkaria
Sasibereziren bisitaz gainera, biharko egunak beste osagai batzuk ere izango ditu. 13:00etan, trikitilariekin hasiko dute eguna. Ondoren, aurtengo nobedade lez, herri bazkaria egingo dute frontoian. Bazkalostean, askotariko jolasetan parte hartzeko aukera egongo da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!