Zelakoak izaten dira probak mentalki prestatzeko saioak?
Atalik garrantzitsuenetariko bat aurrean ditugun ibilbidea, etapa, eta eguraldia zelakoak diren jakitea izaten da. Proban zer gertatu daitekeen aurreikusten ahalegintzen gara. Ez da erraza izaten asmatzea, baina inportantea izaten da gutxi gorabeherako ideia bat izatea. Azken finean, taldeak eskatzen dizuna bete behar duzunez, hori aurretiaz irudikatzea dagokizu.
Kirol psikologoekin esku hartzen duzu? Existitzen da figura hori kirol taldeen artean?
Euskaltel taldearen barruan ez daukagu halako figurarik, eta nik neuk ez dut kirol psikologoekin esku hartzen. Baina nire lagun bat kirol psikologoa da, eta, beragaz lanik egiten ez dudan arren, laguna izatera, berba egiten dugu eta oso une aberasgarriak dira niretzat. Ez da lan bat bere horretan, baina zorte hori daukat.
Eta laguna duzun arren, laguntza psikologiko horren onurarik igarri duzu?
Buruz ondo ez bazaude, gogorik barik eta motibaziorik barik bazaude, gatx da gauzak ondo irtetea. Kirol profesionalean munduko kirolaririk onenetarikoak daude. Eta ondo prestatuta edo motibatuta ez bazaude, eta batez ere kirol profesionalean urte ugari badaramazu, ezin da maila onik eman.
Lesioak, erorikoak, taldeetan egon daitezkeen esperientzia txarrak... Zelan ematen zaie buelta horiei guztiei?
Buelta ematea gatx izaten da beti, baina badakigu gure esku dagoen guztia egin behar dugula egoera albaitik arinen konpontzeko. Askotan esan didate honako hau: "Zelako bizkor errekuperatzen zareten lesioetatik!". Ez dakit arin errekuperatzen ote garen, baina jausten garen momentutik ahalik eta gauzarik gehien egiten ahalegintzen gara egoera leheneratzeko.
Zelan kudeatzen da esposizio mediatikoak dakarren presioa?
Nire kasuan, ez dut halako presiorik sentitzen. Beharbada munduko kirolaririk onenetariko batek, egunero lupagaz begiratzen dioten kirolari batek, igarriko du hori. Ez naiz munduan ezaguna, ingurukoek eta gutxi batzuek gehiago ezagutzen naute, eta, horrenbestez, zortea dut, ez dut kanpotik datorren presiorik sentitzen.
Osasun mentalak kirol arloan duen presentzia handitzen ikusiko dugu?
Bai. Indarra hartzen hasi dela esango nuke. Orain 5-10 urte, inork ere ez zuen kirol arloko psikologiaz berba egiten. Orain, ostera, jende askok dio psikologo bategaz lan egiten duela. Eta munduko kirolari on askok hori publiko egin dutenez gero, horrek joera handitu du. Urteekin inportantzia handia hartuko duelakoan nago.