"Normalean, emaitza baino ez dugu buruan, eta ahaztu egiten zaigu gozatzea"

Joseba Derteano 2024ko ira. 6a, 09:30

Buruak asko agintzen du gorputzean eta kirol errendimenduan. Horregaitik, geroago eta preziatuagoak dira kirol psikologoak. Adibidez, Itsasne Blanco (Atxondo, 1999). Sarritan, kirolariek euren emozioak kudeatzeko dituzten mugak antsietatearen edo frustrazioen atarikoak izan daitezkeela dio. 

Azken urteetan kirolariengan osasun mentalak duen garrantziari buruz normaltasun gehiagogaz berba egiten hasi garela uste duzu?
Bai, une honetan, zorionez, modan ipini den kontua da. Kirolarien artean "nik kirol psikologoa dut" entzutea geroago eta ohikoagoa da. Osasun mentalari garrantzi handiagoa ematen zaio. Hala ere, psikologiak badu oraindino tabutik. Ez dira modu eta tonu berdinean esaten "psikologoarengana noa" eta "medikuarengana noa". Oraindino badago lanketa bat egiteko. 

Zelakoak dira zugana heltzen diren kirolarien profilak? Zeintzuk beharrizan dituzte?
Euren kirolean hobetu gura duten eta hori lortzeko zer pauso eman ez dakiten kirolariak dira gehienak. Nire pazienteen %90 amateurrak dira. Askok mugak dituzte euren emozioak kudeatzeko. Izan ere, gure mugak askotan ez dira fisikoak, mentalak baino. Ez dakite zelan gestionatu estresa, antsietatea… batez ere kirol lehiaketa baten aurreko egunetan. Oso urduri ipintzen dira eta batzuk gaixotu ere egiten dira. Hau da, buruari bueltak ematen hasten dira eta azkenean emozioak fisiologikoki gorputzean agertzen dira.  

Txapelketetan langa altuegi ipintzen dugu?
Emaitza bat lortzeko lehiatzen da, hori argi dago. Baina gehienetan emaitzari garrantzi handiegia ematearren, egindako lanak fruiturik ez emateko arriskua dago. Normalean, emaitza baino ez dugu buruan, eta ahaztu egiten zaigu gustuko dugun kirolaz gozatzea. Azkenean, horrek erre egiten zaitu eta frustrazioa eta antsietatea agertzen dira. Nik beti esaten diet prozesuaz gozatzen badute helduko direla emaitzak. 

Zelan egiten da burua prozesuan zentratzeko lanketa?
Lanketa handia dago atzetik. Psikologian astiro ematen dira aurrerapausoak, pertsona baten bizitzan faktore askok dutelako eragina, egoera pertsonala barne. Gauzarik txikienak pentsatzen dugun baino eragin handiagoa izan dezake. Beraz, astiro eta modu konstantean egin beharreko bidea da. 

Zein arlotako kirolariak dituzu gehien?
Trail munduko asko ditut. Modan dagoen kirola da. Batez ere distantzia luzean dabiltzanak emaitza baino ez dute izaten buruan sarritan; erlojuari etengabe begira, denboraren barruan ote doazen. Eta distantzia luzeetan buruak asko du esateko. Helburu txikiak ipintzea da irtenbide bat, denborak sektoreka banatzea. Eskailera bat igotzearen antzerakoa da, mailarik maila joatea. 

Futbolariak, arku-tiroa egiten dutenak eta piraguistak ere baditut. Ni kirol horiek probatzen ahalegintzen naiz, sentsazioak zelakoak diren jakiteko. 12 urtez Elorrio klubean futbolaria izandakoa naiz eta ezagutzen dut: arku-tiroa ere probatu nuen, barrutik ezagutzeko. 

Zure ustez, badago desberdintasunik eliteko kirolarien eta kirolari amateurren artean osasun mentaleko arazoak esperimentatzeko eta maneiatzeko orduan?
Bai. Eliteko kirolari baten kasuan, kirola bere bizitza da, egunerokotasunari dagokionez, ekonomikoki… Futbolarien kasuan, esaterako, kontratua berrituko dioten ala ez eta antzerako kezkak izaten dira ohikoenak. Presio handia izan dezakete, baita kanpo faktoreen eraginez ere, sare sozialen bitartez, esaterako. Enfoke desberdina erabili behar da eurekin. 

Baduzu mezurik kirolariei edo kirol munduko eragileei bidaltzeko?
Nire ustez, garrantzitsua da etorri daitekeenari aurrea hartzea. 14 urteko kirolari gazte bategaz lan egiten nabil, dagoeneko bere kirolean nabarmentzen dabilena. Kasu honetan, etorkizunean gertatu daitekeenari aurrea hartzea eta gazteari emozioak kudeatzeko erremintak eskaintzea da gurasoen helburua. Umetatik landu beharrekoa da, eskola kiroletik bertatik. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!