[ARGAZKI GALERIA]: Herriko gazteriak botatako txupinagaz jaiak hasi dituzte Mañarian

Ekaitz Herrera 2024ko abu. 14a, 14:35

Ondorengo orduetan herri bazkaria, olinpiadak eta jolasak izango dituzte. Gauean, Xiberoots eta Dupla taldeen kontzertuak eta DJ Kuku musika jartzailea egongo dira.

Mañariarrak jaietan murgilduta daude gaurtik. Pitxitxi ahuntza eliza aldetik herriko plazara kalejiran eramanda hasi dituzte ekitaldiak. Plazan, ikusmina. Trikitilariak, txistu eta danbolin hotsak. Txupinaren eztanda entzuteko irrika herritarren irribarrean. Halako batean, bost neska-mutiko udaletxeko balkoian. Gazteak denak. Aurten herriko gazteriak izan du-eta jaiak hasteko ardura. Azaldu dutenez, azkenaldian haiek arduratu dira Pitxitxi maskota egiteaz, eta argitu dutenez, jaietan ez dute ezelako erasorik onartuko. Txupinaren eztandagaz batera dantzariek saio txiki bat eskaini dute.

Ondorengo orduetan zer ikusi eta zer gozatu ugari egongo da Mañarian. Ordu honetan, herri bazkaria egiten dabiltza. Arratsaldean, egurrezko jolasak, gazte olinpiadak eta karabina jaurtiketa izango dituzte. Gauean, musika kontzertuak egongo dira: Zuberoako Xiberoots reggae taldea, Aguraingo Dupla taldearen erritmo dantzagarri eta elektronikoak eta Abadiñoko DJ Kuku musika jartzailearen saioa.

Egiatarau osoa HEMEN kontsultatu daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!