#0km

Mañariko denda banaketa-puntu modura erabiliko dute sasoiko barazkien ekoizle batek eta Durangoko arraindegi batek

Anboto 2022ko abe. 17a, 11:30

Mañariko denda zabaltzeko lehenengo saiakerak huts egin zuen eta harrezkero udalak ez du lortu ardura hori hartu gura duen inor. Hori dela eta, gaiari beste ikuspegi batetik heldu diote, gune horri erabilera bat emateko. Ekoizleei eskaintzen hasi dira, euren produktuen banaketa-puntu modura erabili dezaten. 

Oraingoz, negozio bigaz hasi dira. Alde batetik, Durangoko Kantabriko arraindegiagaz. Zerbitzu hau azaro amaieratik dago martxan. Eskaerak 609 204 568 telefonoan (edo whatsappez) egin behar dira eta banaketak bariku arratsaldetan egiten dituzte. Ordainketa tokian bertan edo txartelagaz egin daiteke. Datorren urtera begira, bariku arratsaldeetan arraina dendan bertan saltzea baloratuko dute.

Alazne Intxauspe eta Jon Bereziartua nekazariak ('Bejondeizula nekazaritza iraunkorra') ere prest daude antzeko zerbitzua eskaintzeko. Astelehenean euren negozioaren berri eman zuten dendan bertan, eta hainbat herritar batu zen azalpenak entzutera.

Mañarian bizi dira eta Iurretako Oromiñon daukate ortua. Barazki ekologikoak ekoizten dituzte, sasoian sasoikoak, eta arlo horretako ziurtagiria dute. Barazkiekin kremak ere egiten dituzte. Durangon, Zornotzan eta Berrizen zuzeneko salmenta lantzen dute bezeroekin, eta prest daude Mañarian datorren astetik bertatik zerbitzua eskaintzeko.

Kontsumo taldeen bitartez funtzionatzen dute. Whatsapp taldeak sortzen dituzte interesa dutenekin. Produktuen gaineko informazioa emateko nahiz eskariak egiteko balio du. Interesdunek telefono honetara idatzi dezakete: 699 264 906. 

Hainbat aukera dago produktuak eskuratzeko. Esaterako, otzaren sistema. Bezeroak garaian garaiko sei-zortzi barazkiz osaturiko otzara bat jasotzen du, berak gura duen maiztasunagaz. Otzara honen prezioa 12,5 euro da. Horrez gainera, bakoitzak gura dituen produktuak hautatzeko aukera ere badago.

Inguruko ekoizleen produktuak ere eskaintzen dituzte, batez ere Etartie egitasmoan dauden ekoizleenak: ogia, esnekiak, arrautzak, haragia, kontserbak… 

Printzipioz, bariku eta zapatuetan jasoko lituzkete eskaerak, eta Mañariko dendan astelehenetan egongo dira, 19:00etatik 20:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!