#0km

Mañariko denda berria astelehenean zabalduko dute eta arduradunek eskualdean zabaltzen duten hirugarrena izango da

Joseba Derteano 2021ko mai. 1a, 10:00

Mañariko denda berria astelehenean zabalduko dute eta Martxel Denda deituko da. Durangaldean izen bereko beste negozio bi daude, arduradun berarenak. Orain sei urte Durangon harategi bat zabaldu zuten Herria tabernaren ondoan, eta iaz beste harategi bat ipini zuten martxan Atxondon. Beraz, Mañarikoa hirugarrena izango da eta, haragiaz gainera, askotariko produktuak salduko dituzte.

Diana Cristina Gonçalvesek egingo ditu dendari lanak. 30 urte ditu, portugaldarra da, 21 urte daramatza hemen eta Durangon bizi da. Ofizio honetan sei urteko esperientzia du Durangoko harategian. Etapa berriari ekiteko "ilusioz" dagoela dio, baina baita "apur bat urduri" ere. "Jendeak zu ezagutu arte, nik eurak ezagutu arte… prozesu bat da. Garrantzitsuena bezeroekin gertutasun hori eraikitzea da. Tratu pertsonalizatu hori bilatuko dut", adierazi du. Euskara ulertzen duela eta bezeroek diotena ulertzeko kapaz dela dio, baina berba egitea kosta egiten zaiola. "Iaz euskara ikasten hasi nintzen , baina gero osasun-krisia heldu zen eta bertan behera utzi behar izan nuen. Berriro euskara eskolak hartzea da nire asmoa" adierazi du.

Fruten gunea, erdian
Harategia aurreko dendan zegoen toki berean egongo da, atzeko aldean, baina gainerako espazioaren banaketa aldatu egingo dute. Askotariko produktuak alboetan egongo dira, horma ondoan ipinitako apaletan. Erdiguneko espazio osoa fruta erakusteko erabiliko dute. "Modu horretara, denda osoa eta barnealdeko harategia gehiago ikusten da. Lehen, erdigunea apalez beteta zegoen eta ikuspegia estaltzen zuen", azaldu du Gonçalvesek.

Bertoko ekoizleak
Durangaldeko produktuek gune propio bat izango dute. Han egongo dira, besteak beste, Arrazolako ekoizleen eztia, Garaiko marmelada, Mañariko Launa ardoa, Durangoko saltsa pikantea, eta, Izurtzako eta Otxandioko gaztak. Ogia Arrazolatik ekarriko dute, barazkiak Iurretakoak dira eta harategian Durangoko ekoizleen oilaskoak eta txerrikia salduko dituzte. "Produktuak hamaika tokitatik ekarri genitzakeen, baina bertoko ekoizleen aldeko apustua egiten dugu", azaldu du Gonçalvesek.

Ordutegiari dagokionez, denda astegunetan eta zapatuetan zabalduko dute. Astegunetan goiz eta arratsalde egongo da zabalik eta zapatuetan eguerdira arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!