“Inguruko abeltzainekin lan egin dut eta jendeak estimatzen du hori"

Aitziber Basauri 2021ko ots. 19a, 17:50

Rafa Harategia —Bizkarra Harategia izenagaz ezagunagoa— denda bat baino gehiago izan da Mañarian. Harategia ez ezik beste produktu batzuk erosteko aukera eman duen denda izan da, eta horren kudeaketa lehiaketara atera du udalak. Rafa Bizkarrak 50 urtean hartu du negozio horren ardura, eta lekukoa emateko ordua heldu zaio.

 

Erretiroa hartuko duzu bihar. Zein sentsazio sortzen dizkizu horrek?
Pena ematen dit, egia esan, baina deskantsatzeko gogoa ere badut. Orain 54 urte, aitak harategi txiki bat ipini zuen Mañarian, eta beragaz lanean zebilen mutila joan egin zenean Berrizen beste harategi bat zabaltzeko, neu hasi nintzen aitagaz. 14 urte nituen. Ordutik hementxe egon naiz, egunero. Birritan hartu ditut oporrak: ezkondu nintzenean hamabost egun, eta urrezko ezteiak egitean beste zortzi. Abuztuan ere zabalik eduki dugu,  goizetan.

50 urte urte asko dira. Atzera begiratuta, zelakoa da oroitzapena?
Bezeroak oso ondo portatu dira beti. Oraingo lokal hau hartzean, hasiera gogorra izan zen. Baina Lourdes emazteak eta biok astiro-astiro aurrera atera dugu denda. Batzuek pena hartu dute itxi egingo dudalako.

Okelaren kalitateagaitik herritik kanpora ere bezero asko izan dituzue.
Mañaria, Izurtza, Elorrio, Abadiño, Otxandio... hemen inguruko abeltzainekin lan egin dugu beti, eta jendeak estimatzen du hori. Bezeroek ea okela nongoa den galdetzen dute beti. Hori jakinda, ez dute besterik behar. Horrek asko lagundu digu. Durangoko eta Elorrioko bezero asko ditut; urteetan Elorrioko elkarte guztietara eroan dut okela.

Herrian dagoen denda bakarra izan da zuena. Denerik topatu daiteke bertan.
Sasoi batean, denda txiki gehiago zeuden, baina zarratzen joan dira. Bakarrik geratu ginen. Orduan, beste zerbait eskaini behar genuela pentsatu genuen, hasieran harategia baino ez geneukan. Fruta, esnea, garbitzeko produktuak... ipini genituen salgai. Jendeak produktu gehiago izan zitzan herrian eskura.

Mañariko Udalak lehiaketara atera du dendaren kudeaketa.
Oso ondo ikusten dut. Asko poztu nintzen jakin nuenean. Badakigu dendak aurrera jarraituko duena. Denda hau kenduta, Mañaria lako herri txiki bat ezer barik geratzen da. Gazteak mugituko dira beste herri batzuetara kotxean, baina jende nagusia nora joango da?

Loteria ere saltzen duzue...
Urte piloan dugu zenbaki bera. Sasoi batean, tabernan zegoen zenbakia. Hura ixtean, ea zergaitik ez genuen hartzen esan zigun jendeak. Baina saririk tokatu ez!

Baduzu gomendiorik emateko denda hartuko duenari?
Inguruko abeltzainen okela eskaintzen jarraitzea gomendatuko nioke. Baserritarrek pozik hartuko dute. Horrek asko lagunduko dio. Hala ere, berak ikusi beharko du zelan doakion hobeto. Fruta ere egunero ekarri izan dut Durangotik. Lanera ez naiz etorriko, amaitu dut neurea, baina laguntzeko prest izango nau.

Zelan jakin dezakegu okela ona den?
Abelburuak ondo jaten badu, okela ona izango da, ez dago beste sekreturik. Nik lan eginiko baserritarrekin oso pozik nago. Pentsa, orain 50 urteko bezeroak ditut. Oso bezero onak izan ditut. Txuleta, azpizuna... oso ondo saldu dut dena, baina, gehien, etxean egindako odolosteak, txorizoa eta tripakiak.

Zer egingo duzu bihartik aurrera?
Lehenengo eta behin, deskantsatu. Ortu zati bat ere badut eta, gogoa badut, ipiniko dut zeozer; hori bai, ardurarik barik. Basoan paseatzeko ere aprobetxatuko dut.

Baduzu bidaia bai zain...
Erretiroa hartzean Argentinara joango nintzela esaten nuen lehen (barrez). Orain ez dut hainbeste gogorik, baina batek daki, joango naiz igual. Berrizen bizi diren bezero argentinarrak ere baditut.

Mañariarrei ezer esatekorik?
Dendara joaten jarraitu dezatela, proba egin dezatela. Hainbeste urte zabalik egonda, pena litzateke ixtea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!