Mañariko dendaren kudeaketa lehiaketa publikora atera dute

Joseba Derteano 2021ko ots. 2a, 09:00

Joan zen martitzeneko udalbatzarrean aho batez onartu zuten esleipena arautuko duen baldintza-orria.

40 urtean Mañariko denda kudeatu duen Rafa Bizkarrak erretiroa hartuko du otsailean, eta Mañariko Udala bere erreleboaren bila dabil, herrian dagoen tankera horretako denda bakarra delako. Martitzenean dendaren kudeaketa arautuko duen baldintza-orria aho batez onartu dute udalbatzarrean. 

Lehiaketa publikoa abian dago dagoeneko eta otsailaren 11ra artekoa da proposamenak aurkezteko epea. Kontratuaren iraupena lau urtekoa izango da. Etorkizuneko dendak elikadurako oinarrizko produktuak (fruta, barazkiak, haragia, ogia, esnea…)  eta garbiketakoak salduko ditu; baita 0km-ko eta sasoiko produktuak ere, "ahal den neurrian", baldintza orrian zehazten denez. Horrez gainera, produktu ekologikoak saltzea gomendatzen dute. Gomendioen artean, zerbitzu gehigarriak sartzen dira, hala nola whatsapp bidezko eskaerak.

Bezeroei arreta eskaintzen dieten langileek zerbitzua euskaraz emateko kapaz izan behar dute. Eskatutako mailarik izan ezean urtebeteko epea izango dute ikasteko.

Denda astelehenetik barikura goizez zein arratsaldez egongo da zabalik (09:00-13:00 / 17:00-19:30), eta baita zapatu goizetan ere (09:00-13:30), oinarrietan jasotzen denez. Erosketak etxera eramateko zerbitzua eskainiz gero, astean arratsalde batean denda iztea baimenduko da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!