Rafa Harategiaren lokala erosi eta denda horren kudeaketa lehiaketara aterako du Mañariko Udalak

Joseba Derteano 2020ko ira. 28a, 13:30

Rafa Harategia —Bizkarra Harategia izenagaz ezagunagoa— beste denda bat baino gehiago da Mañarian. Herrian dagoen bakarra da. Harategia du, eta baita beste produktu batzuk erosteko gunea ere. Supermerkatu txiki bat da. Herritar asko bertara joaten dira erosketak egitera; baita Mañaritik kanpoko zenbait ere, harategian saltzen duen okelaren kalitateagaitik. 50 urtean ibili da negozio horretan lanean, baina etapa hori amaitzear dago; datorren urteko otsailean erretiroa hartuko du.

Ondorioz, tankera horretako komertziorik barik geratzeko arriskua du Mañariak, eta udalak aurrea hartu gura dio egoera horri. Denda erosi eta bere kudeaketa esleituko du.

"Herrian ez dago beste dendarik, eta oinarrizko zerbitzua dela deritzogu. Nagusientzat, esaterako. Herriari bizia ematen dio eta etorkizunean horrelako denda bat egongo dela bermatu gura dugu", adierazi du Ainara Otxotorena Mañariko alkateak.

Urtea amaitu aurretik gai honi buruzko saio parte-hartzaile irekiak antolatzeko asmoa du udalak. Saio horien bitartez, herritarren ekarpenak jaso gura dituzte: dendan zer aldatu edo gehituko luketen, zer mantendu… Prozesu horretako ekarpenak baloratu ostean erabakiko dute lizitazioa zelan egin.

50 urteko bidea
Rafa Bizkarraren aitak 1968an zabaldu zuen denda, gaur egungo kokapenaren ondoan dagoen beste lokal batean. Rafa handik urte bira hasi zen bertan lanean, 1970ean. Hasieran harategia baino ez zen, eta gerora gehitu zioten denda. Lokala txiki geratu zitzaien, eta leku handiago baten bila hasi ziren negozioa handitzeko. 1985ean lekualdatu ziren gaur egungo tokira.

Mende erdiko dedikazioa "nekagarria" dela dio Bizkarrak eta atseden hartu gura du. Udalak egindako ahalegina denda bizirik eta martxan mantentzeko albiste ona iruditzen zaio. "Ideia ona dela uste dut, herrian ez dagoelako horrelako beste dendarik", azaldu du.

Erreleboa "ilusioa" duen eta "negozioa eramaten dakien batek" hartzea gustatuko litzaioke. "Orduan pozik egongo nintzakete", dio. Erreleboa hartzen duenari ahal duenean laguntzeko prest dagoela dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!