Bautista Onaindia ‘Treinta’, Urkiola bizikletan atzerantz igotzen aitzindari

Joseba Derteano 2020ko ira. 16a, 08:59
Bautista Onaindia Urkiola igotzen. (Argazkia: 'Mañaria, harrizko herria' liburua)

Umetan, Ruben Gorospek makina bat ikusi zuen Treinta Urkiola postura xelebre horretan igotzen. Bera izan du inspirazio iturri erronka egiteko.

Jaiotzez iurretarra (Oromiño auzoa), Bautista Onaindia gazterik joan zen Mañarira bizitzera. Han, ospetsu egin zuen jarduerari ekin zion. Makina bat bider igo zuen Urkiola bizikletan atzerantza, Zeus bizikletaren eskulekuan eserita. Hain egin zen ezagun, ezen Jose Maria Iñigok aurkezten zuen Directisimo telebista saioan ere agertu zela. Horrela jasotzen du Txelu Angoitiak idatzitako eta Mañariko Udalak 2015ean argitaratutako Mañaria, harrizko herria liburuko pasarte batek.

1986an, erronka berri baten bila, Tourmalet igotzen saiatu zen. “Mendatearen [Urkiola] zailtasunari gutxi iritzita, Treinta-k Tourmalet mitikoa igotzea erabaki zuen, apusturik eta bestelako hausporik gabe. Gogoa non, zangoa han. Anbrosiorekin, Aulestiko taxi-gidariak lagunduta alegia, eguna argitu orduko abiatu ziren Frantzia aldera. 1986. urtea zen. Hara heldu, mendatea igo, arropak aldatu era, egunean bertan etxera, egin beharrekoa eginda”, jasotzen du liburuak.

Durangoko lantegi batean lan egin arren, ilepaindegi bat ireki zuen Mañarian. Erretiroa hartu zuenean, beste zaletasun bati ekin zion: kamera hartu eta herriko ekitaldiak grabatzen zituen.

Bautista Onaindia 'Treinta', Tourmalet igotzen, 1986an. ('Mañaria, harrizko herria' liburutik).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!