Gutxienez orain 28.000 urte Mañarian bizi izan zen hartz baten garezurra ikusi daiteke Bizkaiko Arkeologi Museoan

Joseba Derteano 2019ko mar. 27a, 15:30
Mañariko hartzaren garezurra Bilboko erakusketan. (Argazkia: Arkeologi Museoa)

Bilbon dagoen Bizkaiko Arkeologi Museoan animalia prehistorikoen gaineko erakusketa berri bat ikusi daiteke uztailera bitartean. Askotariko animalien hezur eta fosilen artean, Mañariko Askondo kobazuloan aurkitutako hartz baten garezurra dago.

Jean Serrés espeleologoak aurkitu zuen Mañariko Askondo kobazuloan, 1963an. Leize-hartz espezieko animalia batena da eta milaka urte ditu, Asier Gomez paleontologoak eta erakusketako komisarioak argitu duenez: “Ez da garezurraren datazio zuzenik egin, baina jakin badakigu leizetako hartza orain 28.000 urte desagertu zela Europan. Beraz, gutxienez adin hori du”.

Hartz "handia"
Garezurraren eta letaginen tamaina zein hortzen egoera aztertuta, beste ondorio batzuk ere atera dituzte adituek. Esaterako, hartz “handia”  zela. “Agian Grizzly hartz baten tamainakoa zen, eta 350 edo 400 bat kilo izango zituen, edo hortik gora”, uste du Gomezek. “Baina pisua zehazteko, ikerketa zehatzagoak beharko lirateke”, zehaztu du.

Espezie hori ez da hartz arreagaz nahastu behar, Euskal Herriko azken hartz espezieagaz. Ez dira berdinak, baina eboluzioan milioi bat urte atzera eginez gero, “aitzindari komun” bat aurkituko litzatekeela esan du Gomezek: "Nolabait, lehengusuak izango lirateke". Arkeologi Museoko erakusketa uztailaren 14ra arte egongo da zabalik. Bisita gidatuak ere egingo dituzte. Euretako bat maiatzaren 15ean izango da.

Mañariko Askondo koba (Argazkia: GEMA Espeleologia Taldea)



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!