400 kobazuloko altxorra, ezkututik argitara bidean

Markel Onaindia 2019ko mar. 15a, 10:00

Anboto mendikateko haitzen jatorria itsas hondoko arrezifeetan dagoela uste dute adituek. Itsas maila bajatu zenean, arrezife haiek kareharri bihurtzen joan ziren, sedimentazioaren eta fosilizazioaren eraginez. Gero, lurraren tolesturek eman zioten forma mendikateari. Orain 50 milioi urte inguru gertatu zen hori, eta geroztik egindako euriak hainbat zulo eragin ditu, tantaz tanta harria higatuta. e horiek ikertzeko eta zaintzeko ardura daukan taldeak.

Durangaldean hain maitatua dugun paisaia horren baitan, ezkutuan, altxor liluragarri bat sortu da horrela. 1987tik hona bitartean, 400 kobazulo eta leize katalogatu ditu Abadiñoko GEMA espeleologia taldeak, Urkiolako parke naturaleko barrunbe horiek ikertzeko eta zaintzeko ardura daukan taldeak.

GEMAkoek koba berriak aurkitu dituzte urte hauetan, eta lehendik ezagunak diren hainbatetan sakondu dute. Aurkikuntza aipagarrienen artean, batetik, Anbotoko Mariren koban 185 metroko putzu bat topatu zuten, 2007an. Bestetik, Eskuagatx mendian Deabruatx kobazuloa topatu zuten, 2010ean, eta potentzial espeleologiko handikoa dela uste dute. 6 kilometro luze da eta 153 metroko desnibela dauka.

Zaintza eta dibulgazioa
Ikerketaz gainera, beste hainbat funtzio betetzen ditu GEMA taldeak. Erreskateetan laguntzen dute eta kobazuloetan garbiketak egiten dituzte. Esaterako, urrian 400 kilo zabor atera zituzten Eskuagatxeko leize batetik.

Euren lana argitara ateratzeari garrantzia ematen diote, dibulgazioa sustatzeko, eta erreportaje honetarako lagatako argazkiak dira horren erakusle. Ezkutuko altxor baten zaindari dira.

DEABRUATX
6 kilometroko distantziagaz, parke naturaleko kobazulorik luzeena da Deabruatxekoa, Eskuagatx mendian. Lur azpiko erreka bi eta gela handi bat topatu dituzte GEMAkoek, eta potentzial handiko lekua dela diote.

ANBOTOKO MARI
Zentzu mitologikoaz aparte, mendikateko putzurik sakonena Anboton dago, 185 metrokoa. Bestalde, kobarik sakonena Mugarran dago, Arriluzea deiturikoa (270 metro sakon da).

ERREKAKOBEA
Gizakia txikitasunera daraman gela bat dago Untzillatxeko Errekakobean, Bizkaiko handienetakoa. 100 metroko luzera, 30eko zabalera eta 60ko altuera dauka. Antonio Ferrer espeleologo aitzindariak topatu zuen, 1930ean. Argazkia: Josu Granja

Margoen eta hezurren aurkikuntzagatik balio handikoa da Askondo, Mañarian. GEMAk ikerlariei lagundu izan die.

Abaro-Jentilzubi sistema, Diman. 1994an, GEMAk Abaro leizea eta Jentilzubi koba batzea lortu zuen.

Silibranka kobazuloa, Mañariko Urkioleta mendigunean, estalaktitaz eta estalagmitaz beterik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!