Mañarian mural bat marraztu eta beka bat sortuko dute memoria historikoan sakontzeko

Anboto 2018ko aza. 30a, 14:32
Frontoiaren eta kanposantuaren artean dagoen espazioa.

Murala pilotalekuaren atzealdeko horman egingo dute. Bekaren helburua Gerra Zibilean eta Frankismoan kartzelaratuak izan ziren emakume mañariarrei buruz gehiago jakitea da.

Atzo 2019ko aurrekontuak aho batez onartu zituzten Mañarian. 940.200 eurotan parekatu dituzte sarrerak eta irteerak.

Inbertsioetako 25.000 eurorekin memoria historikoan sakonduko dute, bi modutara. Batetik, beka bat sortuko dute, Gerra Zibilean eta ostean kartzelaratuak izan ziren emakumeen inguruan gehiago jakiteko. “Nortzuk izan ziren eta non egon ziren jakin gura dugu. Orain ez dakigu askorik”, azaldu zuen Endika Jaio alkateak.

Bestetik, Gerra Zibilean gertatutakoa gogoratzeko herrian gune bat sortuko dute. Frontoiaren eta kanposantuaren artean dagoen espazioan izango da, bertan esangura historikoa duten hainbat elementuk bat egiten dutelako. Esaterako, toki horretatik Saibigaineko gurutzea ikusten da, Gerra Zibiliko batailan hildakoak gogoratzen dituena. Horrez gainera, Otxandioko bonbardaketan hildako batzuek Mañariko kanposatuan hartzen dute atseden. Horregatik guztiagatik espazio aproposa dela uste dute udal agintariek.

Gune berriak osagai nagusi bi izango ditu. Batetik, frontoiaren atzealdeko horman mural bat marraztuko dute azalduko tematikari buruz. Bestetik, Saibigain ikusten den tokian gailu bat jarri gura dute. Bertatik, besteak beste, Saibigaineko batailaren gaineko informazioa deskargatuko litzateke mugikorrera, QR kodigo baten bidez.

Memoria historikoa lantzen esperientzia duten erakundeekin eta elkarteekin hartuemanetan jarriko dira gaia bideratzeko.


AURREKONTUETAKO INBERTSIO NAGUSIAK

Aparkaleku berria egiteko: 100.000 euro

Frontoiko proiekturako: 53.000 euro (bigarren fasea + gela berrien horniketa)

Aurrekontu parte hartzaileak lantzeko: 35.000 euro

            - Frontoiko gela berriak zelan hornitu erabakitzeko: 25.000 euro:
            - Herritarren eskaerei erantzuteko: 10.000 euro:

Zubiak konpontzeko: 30.000 euro

Memoria historikoa lantzeko: 25.000 euro

Pinadi pribatuak erosteko: 4.000 euro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!