Mañarian autoentzako aparkaleku berria egingo dute

Anboto 2018ko aza. 30a, 13:22
Santa Kurtze guruztokiaren parean dagoen parkea da aparkalekua egiteko aukera bat.

Aurrekontuetan 100.000 euroko diru atala gorde dute horretarako.

Atzo 2019ko aurrekontuak aho batez onartu zituzten Mañarian. 940.200 eurotan parekatu dituzte sarrerak eta irteerak.

Inbertsioetako diru atal nagusia (100.000 euro) aparkaleku berri bat egitera bideratu dute. Gobernu Taldearen (EH Bildu) proposamena Izurtzatik Mañarirako sarreran, Santa Kurtze guruztokiaren parean dagoen parkean egitea da; hau da, parkea aparkalekuarengatik ordezkatzea. Lurzorua udalaren jabetzakoa da eta 35 bat autorentzako tokia izan dezakeela kalkulatu dute.

Herrian aparkalekua egiteko dauden beste alternatiba batzuk ere aztertuko dituzte, EAJrekin konpromiso hori hartu dutelako.

Aparkalekuen beharrizana batez ere asteburuetan igartzen dela azaldu du Endika Jaio alkateak.  “Edo mendira doazenak etortzen direlako edo auzoetan bizi direnak jaisten direlako, sarritan ez da aparkatzeko tokirik egoten”.

Pinadiak edo basoak erosteko diru-atala

Pinuen gaixotasunagatik baso jabeak kezkatuta daude eta basoak edo pinadiak euren baliotik behera saltzen ari dira, ez dutelako beste aukerarik. Egoera horretaz ohartuta, udalak beste alternatiba bat eskaini gura die: basoak udalari saltzea. Merkatuan “konpetentzia sortzea” edo gutxienez jabeei “prezio dezenteago” bat eskaintzea da helburuetako bat, Jaio alkatearen esanetan. “Monokultiboaren kontra eta beste eredu baten alde” egiteko modua ere badela uste dute, pinua eukaliptoak ordezkatu dezakeelako.

Aurrekontuetan 4.000 euroko diru-atala sortu dute. Kantitate sinbolikoa da eta diru-atal bat sortzea bera zen helburua. Aurrerago, beharrizanaren arabera, zenbateko hori handitu ahalko dute.

Pinadiak bakarrik erosi, edo euren basoen kudeaketa eraman edo lurzoru eta guzti eskuratu… Kasuan-kasuan aztertzen joango dira.

 

AURREKONTUETAKO INBERTSIO BATZUK

Aparkaleku berria egiteko: 100.000 euro

Frontoiko proiekturako: 53.000 euro (bigarren fasea + gela berrien horniketa)

Aurrekontu parte hartzaileak lantzeko: 35.000 euro

            - Pilotalekuko gela berriak zelan hornitu erabakitzeko: 25.000 euro:
            - Herritarren eskaerei erantzuteko: 10.000 euro:

Zubiak konpontzeko: 30.000 euro

Memoria historikoan sakontzeko: 25.000 euro

Pinadi pribatuak erosteko: 4.000 euro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!