Itzuli handi batean debutatu berri duzu. Zelan doa Espainiako Vuelta?
Lehen etapak gogorrak izaten ari dira, abiadura handian joateaz gain bero handia egiten duelako.
Nola zaude lehen egunetan?
Lehen egunean ez nintzen ondo sentitu, baina ematen du apurka-apurka erritmo egokia hartzen nabilela, eta egunetik egunera hobeto nago.
Zuen taldea protagonista izaten ari da egunero.
Helburua protagonistak izatea da, horregatik sartzen dugu norbait ihesaldietan. Bestalde, etapa garaipen bat lortzea ere bada gure asmoa, nahiz eta badakigun zaila izango dela. Baina lortu daiteke.
Oizen amaituko da Espainiako Itzuliko 17. etapa. Ilusio berezia egiten dizu horrek?
Ilusio handia dut. Oizkoa berezia izango da, gertukoak han izango baititugu animatzen. Baita txirrindularitzak dituen zalerik onenak ere, euskaldunak. Horrez gain, etxe ondoan amaitzea eta entrenatzen ibiltzen garen bideetatik igarotzea polita izango da.
Oizen, etxean, amaitzeak presio handiagoa eragiten du?
Denoi ilusio handia egiten digu etapa horrek, baina ez dugu kargarik. Ez daukagu ezer galtzeko, dena dugu irabazteko.