Natura-Zientzien Hontza museoak 30 urte egin ditu. Orain urte bi eta erdiz geroztik Kirikiño idazlearen etxean, Zumelaga eraikinean, kokatuta dago. Orain arte behealdeko 120 metro karratuetan erakutsi dituzte hainbat espezietako 661 aleak. Laster lehenengo solairuan espazio berri bat gehituko diote museoari. Hain zuzen, gela berri horretan egin zuten, atzo, urteurrenaren ospakizuna.
Asteon hasi eta irail ingurura arte erakusketa berrantolatzen arituko direla azaldu du Enrike Huerta museoko presidenteak. “Museo osoa aldatuko dugu eta lan handia eskatuko digu”, azaldu du Huertak. Orain museoak dituen 130 metro karratuak ia 300 bihurtuko dira. Beraz, askoz espazio gehiago izango dute. Orain beira-arasetan erakusten dituzten 661 aleak 1.100era arte gehituko dira gutxi gorabehera. Esaterako, moluskuek beira-arasa bat beharrean sei izango dituzte moldaketa amaitzen denean eta berdina gertatuko da beste espezie batzuekin.
Hainbat herritako alkate eta zinegotzi batu zituen atzoko ekitaldiak eta baita beste museo batzuetako ordezkariak ere. Mañaria, Atxondo, Garai eta Izurtzako alkateak batu ziren, besteak beste. Hala ere, eskualdeko alkate denak zein beste museo eta erakunde batzuetako ordezkariak gonbidatuta zeudenez, “azkenean izan zena baino gehiago izan zitekeela” uste du Huertak.